20 AGO. 2024 Medusa Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Medusak ileen ordez sugeak zituen. Azpimunduan bizi zen eta bertara sartzeko bere begiradari aurre egin behar zitzaion. Haren begietara begiratuz gero, azpimundura sartu nahi zutenak harrizkoak bihurtzen ziren. Pertseo heroiak lortu zuen garaitzea. Haren begiradari aurre egitean, Ateneak eskaini zion ezkutua ispilu gisa erabili zuen eta, Hadesek oparitu zion ikusezintasunaren kaskoari esker, Medusarengana hurbildu eta burua moztu zion. Jakina, askoz korapilatsuagoa da istorio guztia, greziarren mitologian gertatu ohi denez. Gaur egun arte europar kulturan eragin handiko istorioak izan dira. Eta horiek guztiak ahoz aho zabaldu diren kontakizunetan beren isla utzi dutenak; baita euskal kontakizunetan ere. Bibiñe Pujana zeanuritarraren ahotsean, Ahotsak.eus atarian jasota gelditu zen Nerea Goiriri kontatu zion Juan Arotzaren ipuina. Bertan kontatzen da nola bide batetik pasatzeko Eufrasia sorginari begietara begiratu behar zitzaion, zuhaitz bihurtuz koitadua, inguruko gazte askori gertatu bezala. Juan arotzak, baina, ispilu bat atera zuen. Sorginak, trikimailuaz ohartu ez, eta ispilua begiratu zuenean bera bihurtu zen zuhaitz, eta sorgindutako gazte guztiak beren onera etorri ziren.