GARA Euskal Herriko egunkaria

Zinemaldiak Kubako 60-80ko urteetako filmak emango ditu Klasikoak atalean

60 eta 80ko hamarkada arteko zinema kubatarrari begira jarriko da Zinemaldia 72. edizioan. Klasikoak atalean eta «En la otra isla» izenpean, hemeretzi film kubatar zaharberritu eskainiko ditu; besteren artean, Sara Gomez edota Nicolas Guillen zinema-zuzendarien lanak ikusteko aukera izango da, Tabakalerako zinema-areto berrian.

Sara Gomezen «En la otra isla» (1968) filmak ematen dio izena zikloari. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak, Klasikoak programaren barruan, ‘‘En la otra isla’’ zikloa hartuko du, 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean egindako 19 film kubatar zaharberrituk osatutako hautaketa bat. Zinemaldiaren, EQZE Elias Querejeta Zine Eskolaren (aktiboki hartu du parte EQZEk zaharberritzean), eta Euskadiko Filmategiaren proposamena bost saiotan banatuta egongo da, eta zinemagileen (hala nola Sara Gomezen eta Nicolas Guillenen lan ez hain ezagunak), pertsona kanonikoen (adibidez, Santiago Alvarezen) eta egitura instituzionaletatik kanpo lan egin zuten sortzaile amateurren lanez hornituko dira.

Programa Elias Querejeta Zine Eskolak Tabakaleran duen zinema-areto berrian proiektatuko da, eraikinaren beheko solairuan, eta Sara Gomezen ‘‘De cierta manera’’ filmarekin emango zaio amaiera. Emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzea da berau, 1977an Zinemaldiko ‘‘Auzoak eta herriak’’ atalean aurkeztua eta ‘‘Behin bakarrik bizi daiteke’’ (1988) atzerabegirakoan berreskuratua.

Gomezen beste hainbat film ere proiektatuko dira hautaketa honetan; esaterako, zikloari izena ematen dion ‘‘En la otra isla’’ (1968), eta baita ‘‘Iré a Santiago’’ (1964), ‘‘Isla del tesoro’’ (1969), ‘‘...Y tenemos sabor’’ (1967) eta ‘‘‘Poder local, poder popular’’ (1970) filmak ere.

Nicolas Guillen Landrianen hainbat film ere ikusi ahalko dira: ‘‘Ociel del Toa’’ (1965), ‘‘En un barrio viejo’’ (1963), ‘‘Coffea Arábiga’’ (1968), ‘‘Los del baile’’ (1965), ‘‘Taller de línea y 18’’ (1968) eta ‘‘Reportaje: Plenaria campesina’’ (1966).

Bi egile horiez gain, beste zenbait zimenagileren lanak ere emango dituzte zikloaren barruan. Besteren artean, Eduardo Maneten ‘‘El negro’’ (1960), Santiago Alvarezen ‘‘79 primaveras’’ (1969) eta Alfredo Guevararen ‘‘Distribuidores de veneno’’ (1961).

Filmak -kasu askotan mundu mailako estreinaldian programatuak edo Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko direnak- Kubako zenbait erakunderen (Cinemateca de Cuba, ICAIC, zinemagileak eta partikularrak) eta nazioarteko erakunde hauen elkarlanari esker eman ahalko dira: Elias Querejeta Zine Eskola bera, zaharberritze eta filmen kontserbaziorako arloaren bitartez; Kanadako Vulnerable Media Lab/Queen’s University; Alemaniako Arsenal-Institut für Film und Videokunst; Madrilgo Altahabana Films; Archivistas Salvajes kolektiboa (Kuba-Donostia); eta Estatu frantseseko Institut National de l’Audiovisuel.

KLASIKOAK ATALA

2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoko jaialdi bat bultzatu dute, hiru ziklo multzokatuz: lehenik, Filmategiak urtean zehar Euskal Herriko hainbat kultur erakundetan programatzen dituen dozena film zaharberrituak; bigarrenik, irailean Zinemaldiaren esparruan proiektatuko diren Klasikoak saileko sei filmak; eta hirugarrenik, aurten ‘‘Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema’’ izendatu duten atzerabegirakoa. Aurten, gainera, 60, 70 eta 80ko hamarkadetan landutako zinema kubatar zaharberrituaren ziklo hau ere eskainiko du.

Jaialditik nabarmendu nahi izan dute Klasikoak programak «Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari» jarraitzen diola, «beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak». Hain zuzen ere, gogora ekarri dute 1959an ekin ziola Zinemaldiak zeregin honi, Rene Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.