GARA

Bi euskal mendizale hil dira Mont Blancen izandako istripu batean, gailurretik jaisten

Atzo arratsaldean 26 eta 27 urteko bi euskal mendizale hil ziren Mont Blancen, Tacul tontorretik behera zetozela. Haiekin batera hirugarren gazte bat zihoan eta bizirik atera zen. Lezokoa eta Oiartzungoa ziren hildako bi gazteak, eta hirugarren laguna ere azken udalerri honetakoa zen.

Mont Blanceko Tacul tontorretik jaisten ari zirela gertatu zen ezbeharra.
Mont Blanceko Tacul tontorretik jaisten ari zirela gertatu zen ezbeharra. (Vincent ISORE | EUROPA PRESS)

Bi euskal mendizale hil ziren atzo arratsaldean Mont Blanc du Tacul mendian izandako istripu batean, Frantziako Alpeetan. Hirugarren bat bizirik atera zen. 26 eta 27 urte zituzten hildako gazteek. Europa Pressek jasotako informazioaren arabera, Lakuako iturriek aditzera eman zuten hildako mendizaleetako bat Lezokoa eta bestea Oiartzungoa zirela, eta haiekin batera zebilen hirugarren mendizalea ere Oiartzungoa da.

Istripua arratsaldeko lehen orduan gertatu zen. Alpinistek osatzen zuten sokada, oraindik argitu gabeko arrazoiengatik, Gervasuttiko korridorean 100 bat metroko altueratik erori zenean, Chamonixeko Goi Mendiko Jendarmeria Tropeleko bozeramaile batek jakitera eman zuenez. Beraiekin zihoan hirugarren kidea onik atera da, baina Efe agentziak ezagutarazi zuen «oso kaltetuta» dagoela.

Erreskateko helikoptero batek hildakoen gorpuak berreskuratu zituen arratsaldean, Chamonix hirira eramateko, Frantziako Alpeetako hiriburura. Hiru euskal mendizaleak Mont Blanc du Tacul mendiaren gailurretik jaisten ari zirenean gertatu zen ezbeharra. Mont Blanc mendigunea osatzen duten tontorretako bat da berau, 4.248 metroko altuera du, eta Aiguille du Midi eta Mont Blanc artean dago.

Atzokoa ez zen izan abuztu honetan mendilerro berean gertatutako lehen ezbeharra. Izan ere, hilaren 5ean mendizale bat hil eta beste lau zauritu ziren Mont Blanc mendigunean, izotz blokeen (séracs) luizi baten ondorioz.