23 AGO. 2024 Sanbartolomeak, abuztuko azken festak Gipuzkoako festazaleentzat Jaiz betetako hilabete honen ia amaieran heldu dira Elgoibarkoak eta Ibarrakoak. San Bartolome egunaren bueltan antolatzen dute egitaraua eta abuztuarekin batera amaituko dira ekitaldiak. Ibarran ospakizunak abian dira; Elgoibarren gaur ekingo diete. Festa giroan blaituko dira elgoibartarrak datozen egunetan. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA ELGOIBAR Heldu dira Elgoibarko sanbartolomeak eta 70 ekitalditik gora dakartzate. Bi zatitan banatuko dituzte; bata, gaur hasi eta astelehenera bitartekoa, hilak 23tik 26ra, eta bestea, hilaren azken bi egunetakoa. Ohi bezala, jaien hasiera ofiziala txupinazoak ekarriko du, 125. urteurrena ospatzen ari den Lanbide Heziketako Zentroko ordezkariek jaurtiko duten suziriak. Maialen Gurrutxaga alkatearen esanetan, ardura hori eskertza keinua da Elgoibarrek Lanbide Heziketatik «asko jaso» baitu eta egin duten ibilbidea «harro egoteko modukoa» baita. Berritasunen artean, jubilatuen egunean, hilaren 25ean, zenbait ekimen gehitu dituzte: goiza txaranga batek girotuko du, erretiratuen afaria eta gaueko erromeria antolatu dituzte, erretiratuen bazkariaren ondoren taxi zerbitzua egongo da, eta belaunaldi arteko lankidetza sustatzeko, haurrek eta erretiratuek hamaiketakoa partekatuko dute. Halaber, Nerabe eta Gazte Egunean, hilak 30, estreinakoz nerabeen bazkaria egingo dute eta bertan bi musika talde ariko dira. Inoiz baino bertako musikari eta artista gehiagok joko dute -Kitziki, DJ Agote, Ellie Jensen eta Brillet- eta, horiekin batera, Nogen, Herenegun, Artistas del Gremio, Deabru Beltzak, Akerbeltz eta Puro Relajo taldeen kontzertuak aukeran dituzte festazaleek, Kalegoen plazan eta Maalako parkean. Maalako Jai Batzordeak ere jarduerak prestatu ditu egunotarako, bereziki, musikari lotuak. Erromeria, bertsoak, DJa, elektrotxaranga... askotariko erritmora biziko dute festa Gune Askean. Era berean, presoen eskubideen aldeko herri bazkaria eta jolasak ere egingo dituzte. PIPARRA ERRE ARTEKO FESTA Jaiei izena ematen dien santuaren egunaren aurretik ekin zieten jaiei Ibarran asteazkenean. Igandera arte iraungo du festak, nahiz eta abuztuaren hondarrean, hilaren 31n, gazteentzako XLII. San Bartolome Saria txirrindularitza proba jokatuko duten. San Bartolome bezperan, gaur, denboran atzera egingo dute Hauspoa kultur elkartearen “Alkatea preso” kale antzerkiarekin. Lau ataletan zatitutako obrak Ibarrako alkatearen atxilotzea kontatzen du, 1691n Izaskunen gertatutakoa, Tolosako alkatearen aginduz. Bihar, berriz, haur danborrada izango da eta, lau hamarkada baino gehiagoko ohiturari eutsiz, tomate eta piper platerkadak banatuko dituzte. Gauean, berriz, herriko Alurr dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko parada izango dute. Parte hartze handia izan ohi duten ekitaldi batzuek ere ez dute hutsik egingo, igandean ospatuko duten kuadrillen egunak, esaterako. Hasteko, Etzeok Besteik kuadrilla berriari ongietorria eman, eta txupinazoa eta brindisa egingo dituzte; gero, Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejiran irtengo dira. Eguerdian, kuadrillen bazkarian 630 lagun elkartuko dira, eta sabela bete ostean, kalez kale ibiliko dira Matraka elektrotxarangarekin. Ibarrako Gazte Asanbladak, besteak beste, musika saioak antolatu ditu: DJ Mali, Rekiem, DJ Yakintza, La Tokokera eta DJ Atenenas-ena, hain zuzen ere. INKLUSIBITATEAElgoibarren, guztiek jaiez erabat gozatzeko aukera izan dezaten, hainbat jardueratan lehen lerroa gordeko dute gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzat, eta, entzumen hipersentikortasuna dutenak kontuan hartuta, barraketan ez da musikarik jarriko 18-00etatik 20.00etara bitartean.