GARA Euskal Herriko egunkaria
LANDA EREMUA DANTZAN JARRIZ
Entrevista
ION ESTALA
LABO espazio eta hizkuntza eszeniko berrien programaren sortzailea

«Dantzak polita izan behar duela sartu digute buruan, eta ez da hala»

Dantza eta bestelako mintzaira garaikideekin jolastea gustatzen zaio Ion Estala (Donostia, 1977) Labo programako sortzaile eta kudeatzaileari eta Node konpainiako dantzariari; eta jardun horiek Euskal Herrian zabaltzea. Gertukoa da bera, eta artistak ere gertu izatea du gustuko; horregatik sortu dute Labo Geo, bertako ondarea dantza garaikidearekin uztartzeko.

(Jon URBE | FOKU)

 

Mendi buelten bidez ezagutu zituen Ion Estalak Gipuzkoako hamaika herrixka. Orain landa eremu horiek dantza garaikidea ikusteko aitzakian ezagutarazi nahi ditu. Igandeetako planari eutsiz, irailaren 15, 22 eta 29rako egitaraua antolatu dute Larraulen, Mutiloan eta Altzon. Azken geltokian elkartu gara berarekin, landa eremuaz, dantzaz, edertasunaz eta aurreiritziez hitz egiteko.

«Gorputza eta ondarea» programa antolatu duzue Labo Geo egitasmoaren barruan. Zein da egitasmoaren funtsa?

Urte osoan bizirik dagoen Labo proiektuaren hirugarren hanka da Labo Geo. Labo Go da lehen hanka: dantza konpainiei ahotsa ematen diegu euren sortze prozesuak erakusteko, hilean behin Tabakalerako Kutxa Fundazioaren klubean. Bigarren hanka Labo XL da; azaroan egiten den lau eguneko jaialdia da eta Tabakalerako hainbat espaziotan zein Egian zehar egiten da. Urteak pasata konturatu ginen gure lan eremua Donostia zela, eta gainera, oso kontzentratuta zegoela zenbait espaziotan. Horrek galdera bat sortu zigun: Zer gertatzen da beste leku batzuetan?

Laboko kideok Node konpainia ere badugu, eta egonaldi artistikoak egitera beste leku batzuetara joaten gara, eta bertan beste lan eremu bat sortzen dela ikusten genuen; ez zen ikuskizuneko eremua, baina dantzaren lan eremua zen. Horri bueltaka hasi ginen. Ni Tolosan bizi naiz eta mendia asko gustatzen zaidanez, asko joaten naiz; hortik ezagutzen nituen, adibidez, Altzo eta Mutiloa. Eta askotan pentsatzen nuen: Hemen zeinen polita izango litzatekeen dantza garaikideko pieza bat.

Bigarren galdera bat ere etorri zitzaigun jarrian: Gaitasuna izango genuke horrelako leku bat pieza garaikide batekin uztartzeko? Bi galderei bueltaka hasi ginen: leku berriak eta gure gaitasuna. Aldundiarekin hitz egin genuen proiektua martxan jartzeko, eta oso interesgarria iruditu zitzaienez, baliabide ekonomikoak eta kudeaketakoak eskuratu eta Labo programaren barnean sartu genuen.

Eta hautatutako herriek nola hartu zuten egitasmoa?

Zuzenean jaso genuen baiezkoa; oso interesgarria iruditu zitzaien. Labo Geok, gainera, bi ardatz ditu: batetik, igande goizetan egingo den ikuskizuna, eta bestetik, bezperan Node konpainiatik egingo ditugun tailerrak. Jendearekin egoteko baliatu nahi ditugu tailer horiek, dantza, mugimendua, plastika eta ahotsa herrietara ekartzeko. Hurrengo egunean gertatuko dena ulertzeko hurbilpen bat izan daiteke -esaldia eten du-; tira, hori beste gai interesgarri bat da, jendeak guk uste baino gehiago ulertzen du, eta, gainera, nik uste dut guztia ulertzea ez dela beharrezkoa.

Guztia ulertzeko beharra sentitzen dugu?

Guztia ulertu beharra baztertu egin behar da. Zuk ahal duzu koadro baten aurrean egon eta disfrutatu; beharrezkoa da autoreak zer egin nahi zuen jakitea? Informazio gisa interesgarria izan daiteke, baina ziur aski autorea hilda egongo da eta urteetan zehar aldatu den mezua hustuta egon daiteke. Nik uste dut dantzan eta performancean gakoa disfrutatzean eta esperientzia bizitzean datzala, ulertu edo ez. Dantza garaikidean, esaterako, abstrakzio askorekin egiten da lan, eta bakoitzak bere barne esperientzia bizi behar du.

Eta bakoitzak interpretazio ezberdin bat eman diezaioke.

Bai, edo ez. Agian ez dizu hausnarketarik sorrarazten, baina ordubetez egon zara gustura, eta hori ere oso ongi dago. Norberaren egoerak ere baldintzatzen du nola ikusten duzun pieza hori; izan dezakezu egun txar bat edo momentu euforiko batean ikusi. Bestalde, dantza edo arte eszenikoak publikoaren aurrean jartzerakoan aisialdia ere sortzen da; hori ukatzeak ez du zentzurik, nire ustez.

Baina herrietara eramango dituzuen ikuskizun ia guztiek dute kutsu soziala.

Uste dut gehienok gure buruari egiten dizkiogun galderei erantzun bat eman nahian sortzen ditugula dantza proposamenak. Bizirik baldin bazaude eta gizartearekiko ardura bat baduzu, behintzat, hortik ateratzen dira piezak. Beste modu batean egin dezakezu, oso artistikoki edo performatiboki, baina ia beti dago zer edo zer; bestela, hilik gauden seinale.

Nola erabaki duzue zein ikuskizun hautatu?

Egitaraua prestatzerakoan argi genuen jende gazteari eta berriari lekua eman nahi geniola; gure ardura da belaunaldi berriei lekua egitea, eta uste dut egin behar dugula. Oso zaila da dantzan hastea, baina baita mantentzea ere, eta horregatik da garrantzitsua helduei beste leku bat ematea. Esaten digute gorputzak 30 urtetik aurrera ez duela balio dantzatzeko, eta hori gezurra da, horri buelta eman behar zaio. Azken batean, gure ardura ere bada gorputz ez normatiboak erakustea, dantzari heldu eta zaharrak, eta baita jende berriari leku egitea ere, kolore askotako mundua da.

Dantzariaren gorputza esan eta perfekzioa datorkigu, eta hori gure buruari harriak botatzea da, horrekin apurtu behar dugu. Dantza konpainiei buruz pixka bat ikertuta hamaika gorputz ezberdin daudela ikus genezake, baina egia da gero eta leku gehiago ematen diogula perfekzioari. Dantzak polita izan behar duela sartu digute buruan; ba, ez.

Aurreiritzi bat: horrelako arte diziplinak hiriguneetan daude. Landa eremuetan esperientziarik ezagutzen duzue?

Gutxi. Altzorekin, adibidez, harrituta geratu gara, gure ezjakintasunetik, noski. Proiektua aurkeztu genuenean, kontatu ziguten hemen badagoela dantza talde bat ia astero biltzen dena. Ematen du mundutik aparte dagoen herri bat dela, baina oso bizirik dagoen herria da.

Espainian ere ez dugu ezagutzen landa eremura jo duen horrelako proiekturik, eta guretzat interesgarria da hutsune hori betetzea, baina ez da gure helburua hutsuneak betetzearena. Gure helburua dantza eta praktika garaikideak landa eremura ekartzea da, eta baita hiriko jendea ekartzea ere. Autobusak antolatu ditugu Tolosatik eta Donostiatik, jendea erakartzeko errazagoa izan dadin.

«Gorputza eta ondarea» izena jarri diozue. Nola ulertzen dituzue bi kontzeptu horiek?

Gorputzarekin egiten dugu lan, gure erreminta da; obrak zintzoki defendatzeko barrutik egin behar dela lan uste dut, eta gure lan tresna gorputza da. Ondareari dagokionez, oso friboloki esanda, herri hauek marko konparaezinak direlako hautatu ditugu; bertako elizak, etxeak, mendiak… Bestetik, ondare hori atzean izanda dantzatzeak iruditzen zaigu artistikoki baduela pisu bat. Gorputza eta lekuak lotzeak sozialki gizarteari gauza asko emateko aukera irekitzen duela uste dugu.

Konpainia ezberdinak elkartuko dira; bilguneak beharrezkoak dira?

Udalerri hauetako espazioek aukera ematen dute publikoa eta artista elkartzeko, herria eta kudeatzaileak ere oso gertu egongo dira. Ideia da ordubeteko ikuskizunak egitea, baina amaitzean guztiak bertan geratzea hitz egiteko; naturalki bultzatu nahi ditugu solasaldiak

Harremantzeko espazio informalak garrantzitsuak dira zuen sektorean?

Bai, Labo Go egiterakoan konturatu gara horretaz; konpainiak bere sortze prozesua erakusten du eta amaieran solasaldi bat egiten dugu. Baditugu hilabetero etortzen diren “grupifans”-ak [barrez] eta beraiek esaten dute zer ikustera datozen ez jakiteak sortzen diela interesa, baita sorkuntza prozesua ezagutzeak ere.

Euskal Herriko publikoa beti izan da oso hotza, baina konturatu gara espazio txiki batean konfiantzazko espazio bat sortzen dugunean publikoa gehiago animatzen dela. Eta saiatuko gara Altzon, Mutiloan eta Larraulen ere hori sortzen.

Espazioa aldatzeak aldatzen du ikuslearen jarrera?

Bai, bai. Areto batean, esaterako, nahi edo ez, pareta bat sortzen duzu; artista bezala ere badakizu eszenatoki gainean zaudenean harresi hori dagoela eta distantzia horrekin jolasten duzu. Uste dut aretoan bestelako magia bat sortze dela, baina kaleko ikuskizunetan gertutasuneko zerbait sortzen dela: oso ongi ikusten duzu, argia dago eta artista naturalki ikusten duzu. Eta horrek eremu seguruak sortu eta solasaldiak modu naturalean sortzea eragin dezakeela esango nuke.

Igandean eta 12.00etan programatu duzue. Hori ere ongi hausnartua izango da.

Azken batean konexioa du mendira joaten garenean egiten dugun planarekin. Guk, adibidez, normalean herri bat aukeratzen dugu, eta bertatik abiatzen gara; bueltan, txorizo egosi pintxoa jaten dugu herria bisitatuz eta zoragarria da hori. Goizeko edo eguerdiko aisialdi momentua sortzea da helburua dantzaren bidez; eta dantza kontu serioa da, noski, baina aldi berean aisialdia da eta denok disfrutatu behar dugu.

Kultura kontsumitzerakoan -eta egiten bada, ze mundu guztiak ez du egiten-, bada joera bat joan, ikusi eta zuzenean etxera itzultzekoa. Hor amaitzen da askorentzat, eta horrek pena ematen dit; bestelako giro bat sortzerik bagenu gauza interesgarriak gerta litezke. Kasu honetan, elementu guztiak bilatu ditugu hori sortzeko.