24 AGO. 2024 MAXXXINE Trilogiaren itxiera (ia) biribila Gaizka IZAGIRRE HERNANI Trilogiako hirugarren eta azken filma den hau Los Angelesen girotuta da eta aktore izateko ametsa bete nahi duen Maxine da protagonista, ‘‘X” filmeko gertakari odoltsuetatik bizirik atera zen emakumea. 80ko hamarkadan girotuta dagoenez, garai hartako kulturaren estetikak eragin handia du filmean. West-ek, bere estilo bereizgarria inongo momentutan alboratu gabe, hamarkada horretako iruditeria maisuki pantailaratu du. Los Angeles hiriko giroaren birsorkuntza zirraragarria da eta nostalgiak gainezka egiten du; garatu duen istorioarentzako oinarri perfektua iruditu zait. Eszenaratzea, oro har, bikaina da. Ezagunak ziren exploitation film zenbaiti eginiko keinuak ere nabarmenak dira, baita Giallo zinema, Brian de Palma-ren thrillerrei eta “Friday the 13th” eta “Psicosis” filmei egiten zaizkienak ere. Keinu horiek ez dira doakoak, aro bat definitu zuten izenburuei omenaldia egiteaz gain, 80ko hamarkadako obsesio kulturalen isla ere badirelako. Alderdi indartsuenetako bat Maxine pertsonaia nagusiaren jarraipena eta bilakaera da; Mia Goth-ek, berriro ere, intentsitate handiz antzezten du eta bere pertsonaiari geruza berriak gehitzen dizkio; lan magnetikoa eta asaldagarria egiten du. Zalantzak gidoiaren aldetik etorri zaizkit nagusiki; aurreikus daitekeen istorioa azaltzen du, ez da batere iradokitzailea, dena murtxikatua ematen zaio ikusleari eta ekintza gehiegi behin eta berriz azpimarratzearen aldeko hautua egiten da; aurrekoek zuten ausardia falta zaio filmari. Oraindik ere gehiegi gutxiesten den beldurrezko zinemaren aldeko alegatu boteretsua osatu du West-ek trilogia honekin eta “MaXXXine’’ itxiera (ia) biribila da. Ti Westek zuzendari gisa eta Mia Gothek aktore gisa duten talentuaren erakusgarri paregabea.