25 AGO. 2024 ZORROZTARRIA Bueltan bueltakoa Julen MURGOITIO Etxera bueltan, hortik kanpotik ostera batzuk egin eta Internet gabeko bestelako paisaietan eta tribuetan ibilita. Eta bueltan hortxe izan ditut nire egunkari biak metatuta, ordenan ere. Denboratxoa hartu dut gainbegirada emateko, orri batzuk di-da pasatuta eta beste batzuk lasai hartuta, kafea eskuan. Olinpiadetako dominak ez dira jada atleten lepoan, nonbaiteko apalategiren batean dira. Lasaitu ederra hartuko zuen honezkero Sena ibaiko urak! Ez, olinpiadetako aztarna ez da ona daukagun planeta bakar honentzat, euskal selekzioek parte hartuko balute ere. Bestetik, uda beroa sumatu dut kostaldeko jelkideen eta lautada aldeko jeltzaleen artean, abiadura handiko zer zentzugabearen trenbideak nondik aldeak lotuko. Hobe utziko balute abiadura handia klima aldaketari aurre egiteko bidean ibiltzeko. Total, orriak aurrera, ilustratu nahian. Gure beheko Estatua bueltan dela irakurri dut. Bueltan? Akaso hauteskundeak izan dira abuztu honetan zezenaren larru horretan? Letra txikian konturatu naiz ziklismoaz ari dela. Tourreko giroa bueltan. Eta azken egunetara helduta, horra! AEBak atzeraldian sartuko ote diren beldurra zabaldu ei da. Kontrakoa aurreraldia balitz bezala! Beldur hori nahikoa izan da han-horko burtsetako indizeak dantzan jarri eta kezka-pandemia arin batean zabaltzeko. Badakizu esaera zaharrarena: burtsa ala hil! Bada, hango erreserba federala interes tasak jaistekotan omen dago. «Diruaren prezioa Wyomingeko mendietan erabakia» irakurri dut. Kolpea gero, mendialdeak baitira klima aldaketak kolpatu lehenak. Horretan interes gutxi dute bankariek. Erreserbetan sartuko nituzke nik bankariok, lehenengo nazioetakoak handik behingoz aterata! Hala ere, hantxe ere ez nuke nik museotzarrik jarriko, ez eta olinpiadak egingo ere! Koherentziaz.