Apaingarririk gabeko errealitate gordina
Frankie, haurtzaroko gertakari traumatiko batek markatutako erizain gaztea, da ‘‘Silver Haze’’ filmeko protagonistetako bat. Bere bizitza erabat aldatuko da Florence izeneko pazientearekin maitemintzen denean. Drama sozialaren eta erretratu pertsonalaren arteko nahasketa den film honek esperientzia oso traumatikoak bizi izan dituzten bi emakumeren arteko harremana aztertzen du. Trauma, erresilientzia, mendekua eta erredentzioa; halako gaiak jorratzen ditu.
Kitchen sink realism delakoa 50-60ko hamarkadan garatu zen mugimendu kultural britainiarra da; protagonistak gizarte modernoarekin etsita dauden ‘‘gazte haserretu’’ gisa deskribatzen dira. Bada, “Silver Haze” mugimendu horren barruko obra izan liteke, etengabeko eraso-giroan bizi diren pertsonaiak baititu oinarri. Polak AEBetako zinemaren eredu narratibo eta estetikoetatik urruntzen da eta pertsonaien errealitatea apaingarririk gabe aurkezten du. Baditu arnasgune txiki batzuk; batez ere, Florence eta Frankieren arteko harremanari tartea eskaintzen zaionean, baina film gogorra da.
Gidoia ez da oso berritzailea, baina Vicky Knight aktorearen benetako esperientzian oinarrituta egoteak benetakotasun eta gordintasun geruza bat eransten dio. Narrazioa emozionalki nahiko konplexua den eremuan mugitzen da eta protagonistaren barne borroka zein zauri psikologikoak errealismoz harrapatzen ditu.
Zuzendaritza lana soila baina eraginkorra da, pertsonaien emozioei modu naturalean garatzeko tarte zabala eskaintzen baitie. Iluna eta nahiko gordina den estetikak ere indar handia du; Tibor Dingelstad-en argazkiaren bidez Frankieren inguruaren gogortasuna ezin hobeto islatu dute.
Osagai horiekin guztiekin, oso istorio interesgarria ehundu du zuzendariak. Ukitu eta hunkitu nau.