28 AGO. 2024 MONOLITH Soinu bidezko murgiltze esperientzia interesgarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Irudi gordinen edo odolaren bidez ikusleak izutzea ariketa nahiko erraza izan liteke. Soinua edo hitzak erabiliz bakarrik ezinegona sortzea, ordea, askoz zailagoa iruditzen zait. “Monolith” filmean hori da lortu dutena: izua soinuaren bidez iritsiko zaigu. Kokaleku bakar batean filmatutako pelikula da, eta aktore bakar batekin. Gainerako pertsonaiak ahotsaren bidez soilik entzungo ditugu. Telefono deien bitartez egindako elkarrizketak dira. Argitu gabeko misterioen inguruko podcast bat egiten ari den kazetari baten inguruko istorioa azaltzen du. Bloke beltz misteriotsu batzuei buruzko kasu bat ikertzen hasi da. Zientzia fikzioa eta thriller psikologia uztartzen dituen intrigazko proposamen hau murgiltze esperientzia interesgarria iruditu zait. Lily Sullivanen antzezpen lan aparta, eszenaratze minimalista zehatza eta soinu diseinu oso landua dira filmaren hiru euskarri nagusiak. Baliabide gutxiko ekoizpena da, baina ehuneko ehunean zukutzen ditu. Podkast ugarirekin gertatzen den bezala, ikuslearen buruan irudi boteretsuak sortzeko gai da: hitza eta hizkuntza funtsezko elementuak dira. Veselyk misterioz beteriko atmosfera sortzea lortu du, eta ziurgabetasuna arnasten den kontakizun berezi batean murgildu gaitu hasieratik. Hori bai, filmaren hasierako sotiltasun eta zorroztasunetik eremu labainkor batean barneratzen da amaieran: gidoiak, erabat iradokitzailea den premisa batetik, oso agerikoa eta apur bat arruntagoa den azken zatiraino garamatza. Ikusle gisa ahalegin txiki bat eskatzen du, tentuz jarraitu behar dira esaten diren guztiak. Arreta galtzen baduzu edo istorioan oso murgilduta ez bazaude, aspertu egin zaitezkeela ohartarazten dizut. Zientzia fikziozko film xume honek onerako harritu nau.