29 AGO. 2024 ARRAUNA Azken hiru txartelen lehian, traineru askoren izenak daude mahaigainean Gaur jokatuko dute emakumezkoek Kontxako sailkapen estropada. 21 ontzirentzat zazpi txartel daude jokoan. Garmendia Hondarribiko patroia, Jimenez Zumaiakoa, Garcia de Andoin Kaikukoa eta Mendizabal Hibaikako prestatzailea mintzatu dira. Kaikuko arraunlariak, joan den urteko Kontxako Banderan. (Andoni CANELLADA | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Emakumezkoen txanda iritsi da. Gaur jokatuko dute Kontxako sailkapen estropada (18.00etan). Ezusteko handirik ezean, Euskotren Ligan ohorezko txandan aritu diren ontziek ez lukete arazorik izan behar Kontxara sailkatzeko, ez eta Hondarribiak ere. Gehienbat azken hiru txartelak daude kolokan, eta ontzi asko lehian: Hibaika, Cabo, Zarautz, Zumaia, Kaiku eta Astillero, besteak beste. Hori horrela izanik ere, Miren Garmendia (Hernani, 1999) Hondarribiko patroiak esan du aurten «zaila» dagoela, ETE ligatik datozen traineruak «oso indartsu» datozelako: «Ehuneko ehun eman beharko dugu sailkatzeko. Euskotren Ligako ohorezko txandako ontziek erraz lortuko dute sailkatzea, eta, bigarren txandakoen lehia ikusita, hortxe ibiliko gara. Gainera, ETE ligatik indartsu datoz». Ligan bosgarren postuan amaitu du Hondarribiak. Zenbaitetan ohorezko txandan ere muturra sartu du, eta, hori egiteaz gain, maila ona ere eman du onenen parean. Iñaki Mendizabal (Oiartzun, 1966) Hibaikako prestatzaileak «iaz baino irekiagoa» ikusten du Kontxarako txartela lortzeko lehia. Haren iritziz, «ETE ligan maila igo egin da, edo asko berdindu da, behintzat»: «Udan zehar denbora oso onak egin dituzte, eta ez da batere erraza izango. Guk gure aukerak baditugu sartzeko. Itsasoan asko hobetu dugu, eta itxaropentsu gaude sartzeko». Euskotren Ligan jarraituko du beste urte batez Errenteriako traineruak. Seigarren postuan geratu dira sailkapenean, eta denboraldiko helburu nagusia bete dute. Hori lortuta, orain Kontxaz gozatzea besterik ez dute. «Denok nahi dugu bertan egon. Saria izango litzateke beste urte batez barruan egotea». ZUMAIA, «BARRUAN» Zumaiarentzat denboraldiko hilabeterik erabakigarriena da iraila: bai Kontxako Banderagatik, baita Euskotren Ligako kanporaketengatik ere. «Gustura» daude ETE ligan lortu duten bigarren postuarekin. Amane Jimenez (Azpeitia, 2004) Zumaiako patroiak esan du taldelan «polita» egin dutela eta «gogotsu» daudela geratzen denerako: «Kontxarako sailkapena lortuz gero, kanporaketetarako seinale baikorra izango da. Guk ez dugu aukerarik eduki Euskotren Ligako ontziekin lehian aritzeko, eta Kontxak balioko digu jakiteko gure burua non dagoen ontzi horien parean jartzen garenean». Iaz sailkapen estropada «ederra» egin zuen “Telmo Deun” ontziak, eta aurten helburu bera dute. Patroiak uste du, haien lana ondo eginez gero, barruan izango direla. Hala ere, «oparirik ez» dagoela ohartarazi du, eta ontzi guztiak «oso indartsu» datozela. Zumaiarena ez bezala, Kaikuren denboraldia apalagoa izan da zilarrezko mailan. Jone Garcia De Andoin (Sestao, 2001) taldeko lemazainak aitortu du espero zutela «hobeto ibiltzea»: «Denboraldia hasi genuen, eta ikusten hasi ginenean nola joango zen, orduan kontziente izan ginen gure errealitateaz. Azkenean, egin dugunarekin pozik gaude. Taldea oso desberdina izan dugu, arraunlari askok taldea utzi dute, eta hasieratik hasi gara berriz». Iaz lortu zuten Kontxarako sailkatzea. Aurtengoari begira, patroiak «pixka bat zaila» ikusten du, nahiz eta helburua sartzea den. ETE LIGAN, INDARTSU Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Hondarribia taldeen sailkapena ia ziurtzat jotzen dute denek, eta geratzen diren beste hiru txartelen lehia, irekiagotzat. Mendizabal prestatzaileak zenbait ontzi zerrendatu ditu: «Galiziatik Txapela, ETE Ligatik Astillero, Zumaia, Zarautz eta Kaiku, eta gero, Euskotren Ligan azken postuan gaudenak». Bide beretik, “Ama Guadalupeko” ontziko patroiak nabarmendu du Hibaika maila «ona» ematen ari dela, Zumaiak «oso-oso denboraldi ona» egin duela, Astillero ere «indartsu» datorrela, eta Zarautzek, itsaso pixka batekin, «sustoren bat» eman dezakeela. Kaikuko patroiak ere Astillero, Zumaia eta Zarautz aipatu ditu, eta ez daki Txapela nola egongo den. Hibaika eta Hondarribia ere lehia horretan sartu ditu. «TELMO DEUN»Zumaiak begi bat du jarria Kontxako Banderan, eta bestea Euskotren Ligara igotzeko kanporaketetan. Jimenez patroiak adierazi du «gogotsu» daudela geratzen denerako. ARRAUN LAGUNAKBandera irabazteko hautagai nagusiarekin ez dute zalantzarik egin. Denek Arraun Lagunak jo dute garaile. Garmendiarentzat gainerakoak baino «bi edo hiru pauso aurrerago daude».