29 AGO. 2024 KONTXAKO BANDERA 2024 Zierbena garaile, Cabo eta Kaiku barrura eta Ares, Isuntza eta Ondarroaren pena Zierbenak Urdaibairi segundo hamarren bat atera zion eta Oriori 10 segundo. Hortik atzera sartu ziren Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku, hurrenez hurren. Ares segundo bakarraren tarteagatik geratu zen Kontxako Banderaren lehiatik kanpo. Cabokoen euforia, Kontxarako sailkapen estropadan egundoko lana egin eta gero (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI Pasa zen, pasa, aurten ere Kontxako Banderari dagokion sailkatze estropada, «beldurrarena» alegia. «Estropada serioa egin nahi genuen, estuasun ahalik gutxienekin pasatzeko», adierazi zuen estropadaren ondoren Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak. Izan ere, Bermeokoen eguna erabat «diskretua» izan zen, hain diskretua ezen Zierbenaren atzetik bigarren amaitu baitzuen. Beharbada Zierbena eta Urdaibai izan ziren Kontxarako sailkapena urduritasun gutxienekin bizi izan zutenak, handik aurrera, Kaikuk ezustean lortu zuen zazpigarren denbora onenera iritsi arte saioak izan baitzuen zeresanik. Hasteko, aurreneko hirugarrenetik zazpigarren postura hurrenez hurren sailkatu ziren Orio, estropada bikaina egin zuen Cabo da Cruz, Getaria, Hondarribia eta Kaikuri zorionak, igandean horiek arraun egingo baitute, Donostiarrarekin batera, urteko banderarik preziatuenaren bila. Horren ostean, diosala Areseko traineruari. Galiziako Ligako txapeldunak B multzoan parte hartu zuen, eta zortzigarren amaitu zuen, Kaikuren ontzitik segundo bakarrera. Datorren urtean Eusko Label Ligan aritzeko kanporaketetan ibiliko diren horien artean onena izan zen, zalantzarik gabe, eta oso hurbil izan zuen zazpi onenen artean sartzea. «Akaso indar apur bat falta izan zaigu», aitortu zuen galiziarren Hugo Rascado patroiak. «Lehiatzera etorri gara, ontzia bizkor dabilelako, eta play-offetara begira gure burua non dagoen ikustera ere bai. Pena da Kontxan ez sailkatzea, baina harro egoteko moduan gaude», onartu zuen. Eta animoak Aresen atzetik, hurrenez hurren, sailkatu ziren Lekittarrari eta Ondarroari. «Liga ederra osatu dugu, barrurantz etortzen batez ere. Baina estropada honetan ez dugu asmatu. Pena handia ematen dit mutilek egin duten lanarengatik, baina onartu egin behar da», izan zen Iñaki Goikoetxea ‘Sagua’ Lekittarraren patroiaren lantua. EZKUTUKO INDARRAK Txanponaren ifrentzua Iker Gimeno Kaikuren ‘Bizkaitarra’ ontziko patroiarena zen. «Azkeneraino zukutu ditut arraunlariak. Dena eta gehiago eskatu diet, batez ere itzulerakoan. Baina hauek benetako arraunlariak dira, eta erantzun egin dute. Bihotza oraindik indar baten taupaka ari zait. Poparean olatuak hartu eta berauek baliatzeko sufritu egin behar zen. Uhartetik helmugarantz, olatu gainean minutuko 42 paladaz goitik etorri behar izan dugu sailkapen hau lortzeko», azaldu zuen Gimenok, emozioak gain hartuta, zazpigarren amaitzeko zirenak eta ez zirenak egin ondoren. Ondarroari egokitu zitzaion aurreneko paladak ematea, zazpigarren posturako borrokan murgilduriko ontzietako bat, hain zuzen. 18.00ak jotzeaz bat abiatu zen ‘Antiguako Ama’ eta, beraz, handik aurrera ez zen izan kanporaketa gelditu zezakeen amaren semerik. Norberaren indarra ateratzeko ordua iritsi zen, bistakoak eta ezkutukoak. Ziaboga garaian Cabo da Cruzen denborak, Oriorekiko segundo bakarrera eta Ondarroak baino bost segundo gutxiagorekin, galiziarrei hauspoa eman zien, eta sekulako estropada eginda, laugarren denborarik onena sinatu zuten, uda irregular bati aho zapore gozoa ezarriz. Getariak joanekoan asko sufritu zuen, baina poparean bere gaitasuna erakutsi zuen. «Olatu sailak bata bestearen atzetik harrapatzea lortu dugu. Zoragarria izan da bueltako luzea», onartu zuen Unax Eizagirre patroiak. Hondarribiak, berriz, poparean sufritu zuen, baina hauek ere «beldurraren estropada» behintzat gainditu zuten, seigarren tokian. TXANDAKKanporaketaren ondoren, ohiko txanda zozketarekin amaitu zen jardunaldia. Hala, igandean aurreneko txandan Zierbena, Hondarribia, Cabo eta Kaiku arituko diren bitartean, Urdaibaik, Oriok, Donostiarrak eta Getariak bigarrenean arraun egingo dute.