GARA Euskal Herriko egunkaria

Abuztua ixteko, Irunberriko jaien txanda iritsiko da gaur

Zaraitzu ibaiaren magalean kokatutako herrietako jaiak dakartza irailaren hasierak. Kultur astea amaiturik, Irunberrin festa hasiko da gaur, sei eguneko egitarau bikoitz bati -herrikoia eta ofiziala- bide emanez. Uraren kontrako norabidean, irailaren 4an iparraldera eginen du festen lekukoak, Otsagabiaren txanda iritsiko baita. Bitartean, Iruñerrian, asteazkenean hasi ziren Berriozarko jaiak.

Ezkerrean, Irunberriko buruhandiak, artxiboko irudi batean. Eskuinean, Berriozarko jaien hasiera, herenegun. (Iñigo URIZ-Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Irunberrin dena prest dute aurtengo jaiez gozatzeko. Udalaren egitarau ofizialez gain, jai herrikoien aldeko elkarteek ekitaldi sorta zabala iragarri dute.

Suziri ofizialaren jaurtiketa gaur bertan izanen da, eguerdiko 12.00etan, eta sei egunetan zehar adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izanen dira. Txupinazoaren aurretik, ordea, aste osoan zehar hainbat kultur ekitaldi izan da, jai herrikoien aldeko kolektiboek antolatuta: dantzaldiak, kontzertuak, bertsoak, artisau azoka, grafitiak…

Hori bai, Udalak jarritako oztopoak salatu dituzte, urtero paratzen duten Irunberriko barraka edo txosna ezin izan baitute kultur astearen lehenengo egunera arte zabaldu.

Egitarau herrikoiak indarra hartuko du berriz ere asteburu honetan. Horrela, ostiraleko eta larunbateko musika kontzertu eta DJ emanaldien ondotik, igandean herri kirolen txanda izanen da (Iker Vicente vs. Ugaitz Mugerza), baita zikiro janarena ere. Egitarauak irailaren 4ra arte jarraituko du eskulan tailer, ipuin kontalari eta musika talde eta DJen emanaldiekin.

Egitarau ofizialaz den bezainbatean, bihar, abuztuak 31, San Ramon eguna ospatuko dute gaitero eta txarangaren dianarekin, erraldoi eta buruhandiekin, eta zezen entzierroarekin. Igandean haurren eguna izanen da, astelehenean gazteena, asteartean jubilatuena eta, egitarauari amaiera ona emateko, asteazkenean herri bazkaria eginen dute plaza nagusian.