30 AGO. 2024 FUTBOLA Hiru txapeldunekin amaituko da asteburuan Euskal Herria Kopa handiena Euskal Herria Kirola elkarteak Berazubin aurkeztu zuen txapelketaren 14. edizioaren finala. Athleticek eta Realak igandean jokatuko dute Tolosan. EH Kirola-ko ordezkariak, parte hartzaileak eta Tolosako alkatea, Berazubin. (A.U.L.) Amaia U. LASAGABASTER Euskal Herria Kopako 14. edizioa asteburuan jokatuko diren finalekin bukatuko da. Hiru irabazle izango dira, aurten lehiaketa hiru mailatan antolatu baitute, «19 parte hartzaile bilduz eta 33 partida jokatuz. Ahalegin handia da, baina oso pozik gaude», adierazi zuen Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirolako ordezkariak. Zurutuzarekin batera, Alaves, Athletic, Bizkerre eta Real taldeetako ordezkariek eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak parte hartu zuten ekitaldian. «Eskertu nahi dugu Euskal Herria Kirola elkarteak egiten duen lana eta gu aukeratu izana -esan zuen Martinez de Rituertok-. Nabarmendu nahi nuke zer garrantzi duen euskal kirolak bere marko propioa edukitzeak eta emakumezkoen kirola sustatzeak. Hor dago ekimen honen garrantzia». Zaleak gonbidatu zituen igandean (16.00, ETB1) Berazubira joan daitezen, ekimenak babesa merezi duelako eta ikuskizun ederrarekin gozatzeko aukera izango dutelako. Bat egin zuen Zurutuzak, esanez kirolariengan sumatzen dela «zer nolako ilusioz ekingo diote finalari eta txapelketa osoari. Ez dira udako lagunartekoak. Txapela irabazi nahi dute, eta horregatik da ikuskizun polita». Athleticek eta Realak jokatuko dute finala, hamabigarren aldiz. Sarrerak 10 eurota salgai dira -doan 16 urtez beherakoentzat-, eta dagoeneko erosi daitezke ehkirola.eus webean, eta hainbat zozketatan parte hartzeko aukera emango dute. Aurten, gainera, Jon Esturo Sariak finaleko jokalari onena aintzatetsiko du. Saria sortu dute orain dela urte eta erdi hil zen Euskal Herria Kirolako eta txapelketa honetako sortzailetakoa omentzeko eta «beti gure ondoan presente egon dadin». Eibarrek eta Osasunak jokatuko dute finalordekoa. Mendigorrian izango da larunbatean (18.30) eta, kasu honetan, sarrera doakoa izango da, gainontzeko partidetan bezala. Kopa hiru mailatan banatu dute aurten, parte hartzaile gehiagori zabalduz, «Oso inportantea izaten ari da garapena -poztu zen Zurutuza-. Euskal Ligaren antzeko zerbaitera hurbiltzen ari gara. Ez da erraza, eta are gutxiago guk daukagun filosofiarekin, talde handiei garrantzi handia baina oinarrizko taldeei are handiagoa ematen baitiegu. Horrela pasatu gara lauzpabost parte hartzaile izatetik aurten 19 izatera». Guztira 33 partida jokatuko dira, eta horrek txapelketa Euskal Herriko txoko askotara zabaltzea ahalbidetu du. «Guretzat ahalegin handia da ekonomikoki zein antolakuntza aldetik. Baina hori zen gure helburua, eta oso pozik gaude», esan zuen Zurutuzak. B mailan Real Bk eta Bizkerrek jokatuko dute finala Errenterian igandean (12.00) eta Athletic Bk eta Osasuna B-k brontzea bilatuko dute Altsasun larunbatean (18.30). Eta hamar parte hartzaile izan dituen C mailan, Athletic Ck eta Alaves Bk jokatuko dute Laudion larunbatean (12.00).