01 SET. 2024 ESKUA Arratsalde okerra Mastersari dagokionez Urduñako pilotalekua. (EUSKAL KIROLA) A.A. Arratsalde okerra izan zen atzokoa Caixabank Mastersari dagokionez. Lehiaketa horretako bi partida jokatu behar ziren, baina bat bertan behera gelditu zen eta bestea nahiko tamalgarria suertatu zen. Alde batetik, Urduñako pilota jaialdia bertan behera gelditu zen lehen partida jokatzen ari zirela pilotalekura ura sartzen hasi zelako. Aurreikusita zegoen ekaitza lehertzearekin batera, sekulako haizetea eta euri zaparradak izan ziren Bizkaiko herrian. Pilotalekuak leihatila moduko batzuk ditu ezkerparetaren goialdean, eta haizeak horietako hiruzpalau hautsi zituen, ura barrura sartu zelarik. Lehen partida jokatzen ari ziren pilotariek, Larrazabal-Morgaetxebarria eta Senar-Ugartemendia, jokatzeko gero eta arazo gehiago zituztenez, etenaldi bat egitea erabaki zuten. Baina azkar ikusi zen gero eta ur gehiago sartzen ari zela eta denbora gutxian bai kantxa eta bai ezkerpareta erabat bustita geratu ziren. Hori ikusita, jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten enpresek, bertan Ezkurdia-Albisuk eta Peña-Zabaletak jokatu behar zuten Caixabank Masterseko partida ere bertan behera utziz. Jaialdia irailaren 4ean (asteazkena) jokatuko da 19.30etan hasita. Eguneko beste jaialdi nagusia Aiegin ospatu zen. Partida nagusian, Caixabank Mastersari zegokionean, Jaka-Martija eta Zabala-Imaz neurtu ziren, baina emaitza tamalgarria izan zen: 22-4 40 minutu eskasean. Bi bikoteak sailkapenean berdinduta geratzen dira hiru punturekin. ANTIGUAKO FINALAK Goizean, askoz eguraldi hobearekin, Antiguako Torneoko finalak jokatu ziren Donostiako auzo ezagunean. Emakumezkoen mailan Goiuri Zabaletak eta Itxaso Erasunek 22-13 menderatu zituzten Olatz Arrizabalaga eta Leire Galeano. Aurrelari bizkaitarrak ez zuen egunik onena izan eta, huts gutxi eginez serio jokatu zutelako, txapelak eraman zituzten Zabaletak eta Erasunek. Partidarik onena Promesa mailako finala izan zen. Bertan, Xabier Rekaldek eta Oier Elorzek 22-21 irabazi zuten Oihan Etxeberria eta Julen Sotilen kontra. Bizkaitarrak 17-10 aurreratu ziren markagailuan, Etxeberriak eta Sotilek partida irauli eta aldeko 21-19koa izan zuten, baina azkenean Rekalde eta Elorz izan ziren irabazleak. Azkenik, senior mailako finalean, Jorge Fernandez eta Adrian Azpiroz 22-15 nagusitu ziren Julen Alberdi eta Antton Apezetxearen aurka. Irabazleek sendotasun handiagoa erakutsi zuten eta hasieran lortutako abantailari bikain eutsi zioten amaieraraino. Finalena ospakizun eguna izaten da Antiguan. Atzo, urte askoan Antiguako Pilotazaleok elkarteko presidente izan den Jesus Mari Rubio omendu zuten, aurten kargua utzi baitu.