01 SET. 2024 PRISONER Danimarkako kartzela baldintzen barrunbeetan Gaizka IZAGIRRE HERNANI Danimarkako gobernuak beste espetxe bat zabalduko duen albistea eman du, zero tolerantzia politika nagusi izango duena. Horren eraginez, une horretan irekita dauden hiru espetxeetako bat itxi egingo dute. Zein itxi erabakitzeko, hiru hilabetez ikuskatzaile batzuk bidaliko dituzte gertatzen den guztia behatzeko. Lasaitasuna nagusi den espetxe batean gertatzen dira telesaileko ekintza nagusiak. Helburua gatazkak saihestea denez, eta “lasaitasun” hori mantentzea, malgutasun nahiko handia dago presoekiko. Gainera, bertako lan baldintzak eskasak dira, eta prekaritatea nagusi da langileen artean. Kontuak horrela, banden arteko hierarkiak daude eta droga trafikoak espazio handia hartu du. Espetxea ixterik nahi ez badute, ordea, neurriak asko zorroztu beharko dituzte. Pertsonaia ugari azaltzen diren arren, telesailak horietako lautan arreta jartzen du bereziki. Istorioa garatzeko, kartzelako dramen ohiko baliabide narratiboak erabiltzen ditu; sorpresa gutxi zentzu horretan. Baina daniarra izateak berezitasun eta nortasun handia ematen dio telesailari. Gordina eta zuzena da, errealista, itzulinguruka aritzen ez den horietakoa. Erraietatik kontatuta dago. Gizarte kritikak badu bere tartea; Danimarkako kartzela baldintzak dira nagusiki ezbaian jartzen direnak, baina, arrazakeria, erlijioa, ustelkeria edo pobreziaren gaiak ere oso presente daude. Antzezpen lanak apartak dira, eta alor tekniko zein estetikoa ere nabarmena iruditu zait; musikak tentsioa areagotzen laguntzen du, kamera mugimendu zakarrek akziozko sekuentziak elikatzen dituzte, argazki gris eta ilunaren bitartez pertsonaien gatazkak barruraino sartzen zaizkigu. Harribitxi nordikoa.