Parisen zain, lurraldetasuna eta erakundetzea jomugan
Ipar Euskal Herriko politikak berezko dinamikak sortzeko gaitasuna erakutsia du aspaldi, baina aurtengo ikasturtea Parisi begira hasiko da, neurri handi batean. Izan ere, gobernurik gabeko ezohiko egoerak karpeta asko baldintzatzen ditu.
Esate baterako, Korsikan eta Kanakian irekitako prozesuek eragina izanen dute Ipar Euskal Herriko estrategia hautuetan, baina oraintxe bertan erabat blokeaturik dauden fronteak dira.
Edonola, erakundetzearen afera lehen lerroan izanen da ikasturte honetan. Batasun berraktibatu batek, hala nola Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk, lurralde kolektibitate baten eskaera mahai gainean jarri du, hautetsi askok garbi ikusi ez arren. Alderdi frantsesek Macronek 2017an iragarritako baina oraindik zehaztu gabeko «ezberdintzeko eskubidean» jartzen dute indarra. EH Baik, bere aldetik, iritzia datozen asteetan emanen du.
Paraleloki, mapa politikoak berrosatzen jarraituko du, ekaineko hauteskundeek hainbat alderdi mugiarazi baitituzte. Les Republicains zatitu bati eta, emaitza onak izan arren, Ipar Euskal Herrian egitura oso ahula daukan Alderdi Sozialistari so egin beharko zaie. Estatuan tentsio nabarmenak dauden arren, Fronte Popular Berriko kideak elkarlanean ari dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.
Azkenik, 2026ko udal hauteskundeei begira lehenengo mugimenduak hasiko dira ziurrenik.
IPARRORRATZ BERRI BATEN BILA
Gizarte zibila, bitartean, ‘‘Pays Basque 2040-EH 2040’’ plana osatzen ibiliko da, Garapen Kontseiluaren aterkipean. Iraganean, lehentasunak finkatzeko eta bide- orriak marrazteko abiapuntua izan dira horrelako planak. Lekua izanen du ekimen horretan euskararen aferak, bai hezkuntzari dagokionez (ikusi beharko da brebetarekin eta baxoarekin zer gertatzen den), bai Euskararen Erakunde Publikoaren etorkizunari dagokionez. EEParen finantzaketaren auziak, gainera, irekita jarraitzen du.
Lurra eta etxebizitza, azkenik, lehen lerroan jarraituko duten karpetak dira, azken urteetan legez. Berezko dinamikek garrantzia duten arren, hainbat ekimen Parisen zer gertatu zain daude. Besteak beste, laborantza lurren inguruko legea edo alokairuen arautzea.