02 SET. 2024 EUSKAL HERRIA KOPA Penaltietan eskuratu zuen Realak bere bosgarren txapela Partida hutsean amaitu ondoren, 3-2 nagusitu ziren txuri-urdinak hamaika metroetatik. Elene Lete Realeko atezainak bi penalti jaurtiketa gelditu zituen. Maite Valero fitxatu berriak Athleticekin debutatu zuen, bigarren zatian zelairatu zen. Realeko jokalariak partida ostean, Koparekin Berazubiko soropilean. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Amaia U. LASAGABASTER Orain dela lau urte bezala, orduan ere Realaren garaipenarekin, penalti puntutik erabaki behar izan zen Euskal Herria Koparen 14. edizioa, Realak eta Athleticek 90 minututan zehar golik sartzerik ez baitzuten lortu, lehiakide biak saiatu baziren ere. Hamaika metroetatik finago aritu ziren jaurtitzaile txuri-urdinak, eta are gehiago atezaina, Elene Letek bi geldiketa egin baitzituen. Partida intentsoa hartu zuen Berazubik. Iraila hasi besterik egin ez dela nabaritu zen oraindik jokoa afinatu behar duten bi taldeetan, baina, derbietan eta txapelketa honetan ohi den bezala, gogoa nabarmena izan zen alde bietatik. Horrek neurketa orekatua ekarri zuen, talde bakoitza arma desberdinekin irabazten saiatu zen arren. Baloiaren jabetza izan zuen Realak hasieran eta pazientziarekin bilatu zuen Nanclaresen atea. Bere aurkaria ez zen batere urduritu. Atzean ondo itxiz, Nanclaresek lan gehiegi izatea saihestu zuen eta joko azkarragoarekin saiatu zen kontraerasoan min egiten. Leteren eta langaren artean atera zuten Elexpururen erremate gogorra, eta berriro babestu zuen ondo atea Zumarragakoak Zugastiren aurrean. Nanclaresek lekukoa hartu zion, Eizagirrek area kanpotik egindako jaurtiketa ona kornerrera bidaliz. Bi taldeetako bat ere jokoaren jabe izan ezinik amaitu zen lehen zatia, eta bi entrenatzaileek moldatu zuten zelai-erdia atsedenaldian. Valero heldu berriak debuta egin zuen Marianarekin batera zelairatuz Athleticen aldetik, eta Lavogez, Franssiz gain, atera zuen Sanchez Verak. Hasiera batean hobeto irten zitzaion mugimendua teknikari txuri-urdinari. Lehen zatian bezala, indartsuago ekin zion Realak partidari. Oraingoan, gainera, jokoa aurkako areara gehiago gerturatzea lortu zuen eta bizkaitarrek lan handiagoa izan zuten kontraerasoan irteteko. Baina minutuek aurrera egin ahala, talde zuri-gorria erosoago sentitzen joan zen. Gol-aukerak ez ziren ez asko ez argiegiak izan, baina Letek beste pare bat aldiz erakutsi zuen forma onean ekingo diola Liga hasierari. Azken minutuetan talde biek estutu zuten, baina oraingoan ere defentsek eta atezainek asmatu zuten. Ondorengo penaltietan gertatu zen bezala. Letek Clara Pinedoren eta Leire Bañosen jaurtiketak gelditu zituen, gero Nanclaresek Vanegasenarekin egin zuen bezala. Realaren aldetik Eizagirrek, Luciak eta Ceciliak asmatu zuten bitartean, zuri-gorrien aldetik Marianak ezin izan zuen Nevadok eta Sanadrik bezala penaltia sartu. 3-2 nagusitu zen azkenean Reala. BI TXAPELABikoitza izan zen ospakizuna Zubietan, goizean Realeko filialak garaipena eskuratu baitzuen EH Kopako B mailan Bizkerreri aise irabaziz (4-0). C mailako finala Alaves B-k irabazi zuen, Athletic B gaindituz (1-2).