02 SET. 2024 «Tout est dit» Jon Garmendia Idazlea Iraila izango zen, hitzak urtaro batetik bestera...» sare sozialetan. Inoiz baino asozialago eta ezerakargarriago bilakatzen ari direnetan. Hortxe asmatu dudan hitz bat, «ezerakargarri», ezer ekarri ez, eta erakarri ere ez. Norbaitek erabilia izango du hitz hau lehenago, seguru, baina Andre Gide literatura nobel paristarrak zioen bezala, «dena errana dago, baina nehork entzuten ez duenez, berriro erran behar da goizero». «Tout est dit», kantatzen zuen iaz hil zen Jean-Louis Murat berdingabeak ere. Bihotza bezain handia omen zuen hark ahoa, odol berokoa behar zuen izan, edo zuzenegia hitzetan, beharbada; hau, gero eta gutxiago ezagutzen dugun zerbait dela uste badut ere. Gainera, Murati dena barkatzen diot, ama jostuna zuelako eta aita arotza, baserri mundutik atera zelako; hain gutxietsia izan den mundua, baina hainbeste sortzaile eta artista ekarri dituena mundura. Haizeak burges etxetik jotzen duenean «norbait» izatea ere errazagoa baita. «Tout est dit, et tout est fait, rien n'est secret, et si je t'aime un autre te l'a dit avant moi», kantatzen zuen Muratek. «Dena errana dago eta dena eginda dago, ezer ez da sekretua, eta maite bazaitut ere, beste norbaitek esan dizu nire aurretik». Iraila pozik hasten baduzu, halatsu bukatzeko erraten dizut nik.