Larrazabalek maila bikainean eta garaipena lortuz ordezkatu du Artola
Aurrelari arabarrak ikuskizuna eskaini du Tolosan, eta, Rezustarekin bikotea osatuz, 20-22 nagusitu da Altuna eta Iztuetaren aurka.
Ez da ohikoa irailaren 1ean Tolosako Beotibar pilotalekuan profesionalen jaialdia programatzea. Baina jendeak ongi erantzun zuen, seguruenik Iztueta herriko semeak jokatzen zuelako eta Altuna eta Artolaren arteko gipuzkoarren lehiak beti erakartzen dituelako inguruko zaleak. Azkenean Iñaki Artolak ezin izan zuen jokatu, ezker izterrean min hartuta, baina bere ordez aritu zen Iker Larrazabalek sekulako partida jokatu zuen eta puntu garrantzitsua eskuratzen lagundu zion alegiarrak eta Rezustak Caixabank Mastersean osatzen duten bikoteari.
Larrazabalek eta Rezustak batera jokatzen zuten lehen aldia zen, eta aurreneko tantoetan nabaritu egin zen. Bien artera joan ziren pilotak eramateko arazoak izan zituzten eta atzelari bergararrak normalean ezkerrez galtzen ez dituen pilota batzuk galdu zituen, pilota behetik bizi ibiltzen zelako-edo. Gorriak 9-3 aurreratu ziren markagailuan, eta ordurako Rezustak bost pilota zituen galduak.
Baina bergararrak ohikoa duen sendotasuna berreskuratu zuenean, jokoak oso tankera desberdina hartu zuen. Iztueta gero eta atzeragotik jokatzen hasi zen, eta Iker Larrazabalek gero eta aukera gehiago izan zituen aurreko koadroetan. Baita ongi baliatu ere. Guztira 10 tanto egin zituen jokoan, gehienak ikusgarriak, Jokin Altunaren mailako pilotari baten aurka are eta meritu handiagoa dutenak.
Hala ere, ongi jokatzea ez da nahikoa izaten Altunari irabazteko. Atzo ere amezketarrak asmatu zuen nola hala jokoa nahasten eta amaierara arte bizirik jarraitzen. Ikusten zen norgehiagokaren amaiera estua izango zela eta detaile txikiek erabakiko zutela.
Martxel Iztueta nahiko nekatuta antzematen zen, eta Altunak asko arriskatu behar izan zuen azken txanpa horretan. Baina atzo ez zitzaion ongi atera eta azkenean 20-22 nagusitu ziren Larrazabal eta Rezusta, ligaxkako hirugarren puntua eskuratuz.
ELTZIEGO
Eltziegon jokatu zen Masterseko beste partidan, Lasok eta Tolosa ordezkatu zuen Arangurenek 22-20 menderatu zituzten Etxeberria-Mariezkurrena. Hirugarren puntua eskuratu zuten, urrats handia eginez kanporaketetarako.