Maddi TXINTXURRETA
HEZKUNTZAREN DIGITALIZAZIOA

Pantailak ala liburuak? Gerra utzi eta zientziak dioenari doitu

Hezkuntzaren digitalizazio planak berraztertzen ari dira zenbait herrialde, pantailek eragin ditzaketen kalteak ezabatu asmoz. Gurean ere kezka sortzen du gaiak, eta eztabaida lagundu dute aditu batzuek. Aurrerapen bat: ondorioek ez dute erabakiko ikasketa analogiko eta digitalaren arteko gerran zein izango den garaile.

Hemen, umeak Iruñeko San Frantzisko eskolara sartzen. Hurrengo orrian, Mauleko kolegioko ikasleak pandemia garaian, gailu elektronikorik gabe.
Hemen, umeak Iruñeko San Frantzisko eskolara sartzen. Hurrengo orrian, Mauleko kolegioko ikasleak pandemia garaian, gailu elektronikorik gabe. (Iñigo URIZ | FOKUGuillaume FAUVEAU)

Urteak dira Euskal Herriko ikastetxeetan gailu teknologikoak ikasketarako baliabide moduan erabiltzen direla. Lurraldez lurralde, martxan jarri dira hezkuntzaren digitalizaziorako planak, inbertsio garrantzitsuak egin dira eta laneko molde berrietara egokitzeko ahaleginak ez dira makalak izan. Orain, arbel digitalak, ordenagailuak, tabletak eta mugikorrak ikasgelaren ekosistemako bizikide natural bilakatu diren honetan, hezkuntza komunitatea kezkatuta dago hauen erabilerarekin, eta soseguz eztabaidatzeko beharra agerikoa da.

Badira, gainera, eztabaidatik harago neurriak aplikatzen ari diren herrialdeak. Suediakoa da adibiderik garbiena: iaz, Karolinska Institutu entzutetsuak agertu zuen Hezkuntzarako Suediako Agentzia Nazionalak ondu zuen digitalizazio estrategiak ez zuela oinarri zientifiko nahikorik eta hainbat kalte eragingo zituela haur eta nerabeengan. Abisua aintzat hartu zuen herrialde honetako Hezkuntza Ministerioak: 2023 eta 2027 artean garatu behar zuen plana gelditu eta hainbat arlotako ikerkuntzan diharduten 60 erakunde ingururen iritzia eskatu zuen estrategia berregiteko. Ez du erabaki, zenbait titularrek agertu bezala, pantailak kendu eta liburuetara itzultzea. Baina teknologiaren erabilera ikerketek gomendatzen duten horretara doitzeko eta hezkuntza analogikoa indartzeko apustua egin du. Danimarkako Hezkuntza Ministerioak ere jarrera proaktiboa izan du azken hilabeteetan, eta Hezkuntza eta Kalitate Batzordeari eskatu dio eskoletan pantailak erabiltzeari buruzko gidalerro sorta bat egin dezala.

Ezin jakin Hego Euskal Herriko administrazioak norabide horretan ekimenik martxan duen ala ez, Lakua eta Nafarroako Hezkuntza sailei galdetuta, ez baitute erantzunik eman. Indarrean dauden digitalizazio planek, bestalde, ez dute balio Euskal Herriko hezkuntzan pantailek hartzen duten lekuaren erradiografia egiteko, praktikan, zentro bakoitzak bere erara jokatzen baitu, sare sozialetan eta pantailetan aditua den Telmo Lazkano irakasleak jakinarazi duenez: «Badira libururik ez duten eskolak eta dena pantailen bitartez egiten dutenak, eta alderantziz».

Hemen plan horien zertzelada batzuk, halere, kokatzeko: Lakuak 2022-2024 eperako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana ondu zuen. Hala, bertan zehazten denez, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek eskuragarri behar dituzte gailu teknologikoak. Nafarroako Ikasnova planaren arabera, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako ikasleek beren gailua dute. Ipar Euskal Herrian Parisen hartutako neurriek agintzen dute eta, kasu honetan, oreka bilatzeko ahaleginari erantzuten dio Hezkuntza Ministerioak 2023tik 2027ko epean aplikatzeko ondu zuen planak: garrantzia ematen dio ikasleek konpetentzia digitalak hartzeari eta, aldi berean, pantailen aurrean ematen duten denbora murrizteari.

Administrazioen estrategiak indarrean egon diren urteetan, gainera, «gauza asko aldatu dira eta ezin da konparatu oraingo egoera duela bost urtekoarekin», zehaztu du Amaia Arroyo Sagasta Mondragon Unibertsitateko (MU) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak. Positiboki baloratzen ditu digitalizazio planak berraztertzeko jarrera europarrak, egokitzeko gaitasuna erakusten dutelako. «Gero eta ikerketa gehiago daude esaten dutenak dena ez dela digitalean egin behar, ezta analogikoan ere. Beraz, erabaki berriak hartu dituzte», esan du. Bestalde, gurean, antzematen du pandemian bizitako digitalizazio azkarraren arrastoek eragina izan dutela ikastetxeetan. «Pertzepzioa da gehiegizko erabilera batetik gatozela; horregatik, plan horiek diotenetik harago, pantailen erabilera gutxitzeko joera bat dago», agertu du.

NOIZ DEN ARRISKU

Sar gaitezen, bada, betiereko dilema aletzera, pantailak versus liburuak dikotomiatik aldenduta. Hasteko, Lazkanok zehaztu du ez dela berdina konpetentzia digitalak lantzea (teknologia digitalak modu seguru, osasungarri, jasangarri, kritiko eta arduratsuan erabiltzen ikastea) eta gailu teknologikoen bitartez ikastea. Lehenengo aldea «egin beharra dago, ez du inork zalantzan jartzen», nahiz eta, irakasle zumaiarraren ustez, Lehen Hezkuntzan konpetentzia digitala ez den ezinbestean pantaila baten aurrean landu behar. «Pantailaren atzean dagoena jakin behar da pantailaren aurrean jarri aurretik. Bestela, kasurik onenean, ez ginateke erabiltzaile kontzienteak izango, erabiltzaile soilak baizik. Eta kontuan izanda teknologiak ez direla neutroak, kasu batzuetan erabiliak izan gaitezke», adierazi du.

Alta, «plataforma digitalen bitartez ikastearekin, kontuz», erantsi du. Zergatik oharpen hori? «Lehen Hezkuntzan bilatzen dena da ikasleak hizkuntza bere alor guztietan menderatzea eta matematikako oinarrizko kontzeptuak bereganatzea, eta jakin badakigu pantailak ez direla euskarri egokienak alor horiek lantzeko. Ikerketek argi erakusten dute eskuz idazteak eta euskarria liburua izateak abantaila dezente gehiago duela pantailen aldean, zehazki, memorian, arretan, pentsamendu abstraktuan eta motibazioan», esplikatu du.

Pantailek eragiten edo desegiten duten motibazioari buruz hitz egitera pausatu da Lazkano, beste aldagaiak baino subjektiboagoa baita. «[Plataforma digitalek] ez dute bilatzen ikaslearen barne motibazioa sustatzea, baizik saritze bat, eta hori arriskutsua da. Adibidez, ekuazio bat ondo egiten baduzu, zure hiri birtualean baratze bat jarri dezakezu», zehaztu du. Hala, mito bat deseraiki beharra dagoela aldarrikatu du irakasleak: «Esaten da teknologiek ikasketa pertsonalizatu bat eskaintzen dutela, baina ez da hala, ikasketa indibidualizatua eskaintzen dute».

Hizkuntza gaitasunetan eta irakurmenean (irakurtzen den hori ulertzeko gaitasunean) maila galtzen ari dira euskal ikasleak, azken urteetako Pisa eta Pirls azterketek erakutsi dutenez. Horren atzean faktore ugari egon daitezke, baina bati begiratu dio Arroyok: «Pantailaren aurrean pasatzen dugun denbora pertsonen arteko interakzioari kentzen diogu, eta interakzio horretan sortzen da hizkuntzaren garapena».

Aintzat hartu behar da, bestalde, haur eta nerabeek eskolan pantailen aurrean ematen dituzten orduei gehitu behar zaizkiela etxean eta kalean ematen dituztenak, eta, sarri, espazio horietan egiten dute neurrigabeko kontsumoa, horrek dakartzan arriskuekin. «Gehiegizko erabilerak isolamendua eragin dezake -ohartarazi du Arroyok-. Batez ere nerabezaroan, identitate propioa eraikitzen den momentu horretan, pantailetan aurkitzen diren erreferenteak ez dira naturalak. Erreferentzia naturaletan momentu onak eta txarrak daude, baina sare sozialetan dena zoragarria da. Horrek inpaktu bat dauka ongizate emozionalean, frustrazioa eragiten du, inpotentzia, tristura». «Horregatik da hain garrantzitsua beste nolabait lantzea teknologiekin daukagun harremana», ondorioztatu du MUko irakasleak.

TXIKIENEK, ZERO

Plataforma digitalei dagokienez, dena ez da zuri edo beltz, haur txikiei dagokienean salbu. Elkarrizketatutako adituak ados agertu dira esaterakoan 0-3 arteko umeek ez dituztela pantailak erabili behar. Ezer ez, zero minutu. Lana, hortaz, etxean hasten da.

«0-3 urte bitartean garatzen dira gehien garuneko neuronen arteko interkonexioak», jakinarazi du Anna Ramisek. Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da, eta ohartarazi du, haurtxoen bizitzaren lehenengo urteetan garuna artean osatzen ari denez, etapa horrek onduko duela haien etorkizuneko «disko gogorra». «0-3 artean zero pantaila, zeren neurona horien haziera zuzenean lotuta dago haurrak bere inguruarekin duen interakzioarekin. Pantailak mugimenduari, interakzioari edo deskubritzeari kentzen dion segundo bakoitza haurtxoari lapurtzen ari garen aukera bat da. Gainera, garunak oraindik ez du garatu gerora, heltzean, gogoeta egiteko edo berrantolatzeko izaten dugun gaitasuna. Beraz, adin horretan, oso handia da gailu mugikorren mende erortzeko arriskua, garunak horri aurre egiteko duen gaitasuna oso txikia baita», esplikatu du aditu katalanak.

Alabaina, pantailak umeen bizitzetara iritsiko dira lehenago ala beranduago, beraz, nola lortu dezake erreferentziazko helduak teknologiarako sarrera hori ahalik eta osasuntsuena izan dadin? «Edoskitze osteko lehen elikagaiekin egiten dugun modura -aholkatu du Ramisek-: soilik onena eta ondoen aukeratzen dena eman. Marrazki bizidun geldoenak, ernagarriak ez direnak, baloreak eta kultura transmititzen duten gauzak... Hau guztia, sei urtera arte oso minutu gutxitan eta inoiz ez haurra bakarrik dagoenean».

Adin horretatik aurrera, hezitzaile honek uste du pantailak baliagarriak izan daitezkeela «sorkuntzarako erabiltzen badira», saihestuz gero umeak soilik «kontsumitzaile pasibo» bilakatzea. «Eman diezazkiegun tresnak digitalki ere sortzaileak izan daitezen», aldarrikatu du.

Hezkuntza formalera itzulita, Estatu Batuetako, Kanadako eta Estatu espainiarreko pediatria elkarteek, eta berriki Estatu frantseseko aditu taldeak ere bai, hezkuntzan egin beharko litzatekeen pantailen kontsumoa zehaztu dute. Lazkanok ekarri ditu datuak: 0-5 urte bitartean, zero minutu egunean; Lehen Hezkuntzan -5-12 urte bitartean- 0-1 ordu, eta 12 urtetik aurrera, 0-2 ordu bitartean.

FUNTSA: BALIO ERANTSIA

«Momentu egokia da erabakiak irizpide batzuen arabera hartzeko, eta ez inertziak bultzatuta. Gauzak ez dira ondo egin: aritu gara gailuetan inbertitzen, eta ez formazioan. Orain kolokan jartzen ari gara hori; beraz, inflexio puntu emankorra dela uste dut», adierazi du MUko irakasle eta ikertzaileak.

Eztabaida abiatzeko momentua da, beraz. Edo, abiatu baino, eztabaidan segitzeko unea, hezkuntza komunitatea aspaldi ari baita honen bueltan hausnartzen. Gaiak sortzen duen kezka zenbakitan jarri du Telmo Lazkanok: EAEko Zeos programan ondorioztatu dutenez, parte hartu zuten hiru udalerrietako guraso eta irakasleen %96k aitortu zuen hezkuntzaren digitalizazioarekin arduratuta daudela. Zenbait kasutan neurriak hartzen ari dira, Ondarroako eskolako adibidea eman du: duela gutxira arte dena ordenagailuen bitartez egiten zuten, eta asko hausnartu ondotik, liburuetara itzuli dira eta bestelako erabilera ematen diete pantailei.

Beste ikastetxe batzuetan, gurasoek, adituek, hezkuntzako profesionalek eta ikasleek osatzen dituzten batzordeak sortu dituzte digitalizazioaren inguruan hausnartzeko, Arroyo Sagastaren esanetan. «Errealitatea modu poliedrikoan ulertzeko aukera ematen du horrek, eta uste dut espazio egokiak direla erabakiak hartzeko. Horren aldeko apustua egingo nuke. Etorriko dira aginduak estatuetatik, baita gobernu autonomikoetatik ere, baina tokian tokiko errealitateari egokitu behar gatzaizkio, ez baita berdin Muskizeko edo Tuterako ikasle bat», agertu du.

Beraz, zer egon beharko litzateke eztabaidaren oinarrian, eta nola bideratu daiteke? Zumaiarraren ustez, zehaztu beharko litzateke plataforma digitalek «noiz ematen duten balio erantsia eta noiz ez». «Eta hori ebidentzia akademikoan oinarritu behar da», nabarmendu du fermuki. «Beraz, pentsatu behar dugu noiz eta zertarako erabiliko ditugun pantailak, ez dugu erori behar azken hamarkadako frenesi digitalean», ondorioztatu du.

Hala, Lazkanoren aburuz, eztabaidak «digitalizazioa arrazionalizatzeko» plan bat izan beharko luke jomugan, eta, horrekin batera, ezinbestekoa deritzo irakurketa sustatu eta ulermena hobetzeko estrategiak garatzea -Lakuak Euskal Hezkuntza Sistemarako Irakurketa Estrategia du martxan 2024-2027 eperako-.

Amaia Arroyo Sagastak ere balio erantsiaren garrantzia nabarmendu du, eta bere zentzua azaldu: «Gaur egun haurrak entziklopedia batera bideratzea, adibidez, Gazari buruzko informazioa jasotzeko, ez da zentzuzkoa. Informazio eguneratua interneten dago. Beraz, kasu horretan, balio erantsi bat dauka». Defendatu du, halaber, ondo pentsatu behar dela pantailak «zertarako» erabili behar diren.

«Zailena jada egin dugu: konturatu gara egungo eredua sostengaezina dela -dio Arroyok-. Orain, tokatzen zaigu ikasleen beharrak erdigunean jartzea. Erronka polita daukagu, pentsatu behar dugu nola hezi nahi ditugun belaunaldi gazteak, zeren beraiek izango dira etorkizuneko algoritmoak idatziko dituztenak, beraiek sortuko dituzte etorkizuneko teknologiak. Orain da eragiteko momentua».