ANDREA IBARRA
HENDAIA

Migrazioaren historia gorpuztuko du «Bidasoa mintzatuko balitz» sorkuntzak

Axut! kolektiboak, antzerki ibiltari baten bidez, Bidasoa ibaia eta inguruetako herriak eszenatoki bilakatuko ditu irailaren bigarren hamabostaldiko asteburuetan. «Bidasoa mintzatuko balitz, gauza anitz kontatuko» lituzkeela azaldu du Ximun Fuchs antzezleak KAZETA atarian. «Paisaia berezi horien gibelean badira istorio anitz kontatzeko», ziurtatu du, eta horiek aurkeztuko dituzte irailaren 14an Hendaian estreinatuko duten sorkuntzan.

Axut! kolektiboko aktoreekin batera, Bidasoa inguruetako herritarrak ari dira antzezle lanetan.
Axut! kolektiboko aktoreekin batera, Bidasoa inguruetako herritarrak ari dira antzezle lanetan. (Gari GARAIALDE)

Migrante zein iheslarien bizi kontakizunek konposatzen dute ‘‘Bidasoa mintzatuko balitz’’. «Uste dugu migrazioa nolanahi tratatua dela politikoki, basakeria eta krudelkeria handiz. Guharek bizi izan dugu gure haragian eta guhaurek ikusten dugu egunero horren eragina», azaldu du Ximun Fuchsek (Larzabale, 1974), obraren sortzaile eta antzezlea denak. Hala, Bidasoari «begirunez eta samurtasunez» begira ezarri da Axut! antzerki kolektiboa, eta muga lekua molde berri batez ikusarazi nahi du: «Ikusleei Euskal Herriaren postalek agerian ematen ez dutena erakutsiko diegu: ezkutuko aurpegi andana, XIX., XX. eta XXI. mendeetan».

Horrela osatu du mugaren inguruko antzerki ibiltaria, 150 urtetatik gaur arteko historia eta istorioak biltzen dituena, «zorion baten esperantzan edo bizirauteko ezinbestean» mugitu den jendearena. Kolektiboaren birplanteatze lan baten ondorio da obra, bere egiteko gisa ikusten baitu gertatzen dena kontatzea eta, horren parte, «Euskal Herria gaur egun zertan den» ezagutaraztea. «Horregatik inportantea zitzaigun errotzea, berriz mugitu eta biran joan aitzin», dio aktore baxenabartarrak.

Hala, tokian tokiko sorkuntzetan murgildu da aurten: obra ardazten duen gaiaren espazioan gertatzen da prozesu osoa, sorkuntza eta antzezpena. Lan horretan murgildu zen Lurrez Estali antzezlanarekin, eta bide berari jarraitu dio oraingoan, Xabier Erkizia eta Gari Garaialderen eskutik.

Arteak «errealitate politiko eta soziala bere egin eta bide propioa hartu du». Antzerkia ibiltaria da, road movie gisa, hori baita «iheslariak egiten duena, mugitu, motxila hartu eta joan». Esperientzia fisikoa izanen da, baina bidaiarik handiena «barnean egiten da», dio. Ibilbidea Bidasoak hunkitzen dituen kostaldeko herrietan barna doa: Hendaia, Urruña, Irun, Biriatu. Bidean, hainbat adierazpen artistiko uztartuko dituzte, hau da, argazkia, musika, irratia… horien guzien oinarrian, bizipenak, oroimena eta historia direla.

HISTORIAKO ALTXORRAK

Mosaikoa osatzeko, Euskal Herriko historiaren «altxorrak» bildu dituzte, emaitza gisa antzerki dokumentatua eman dutenak. Intimotasunetik abiatzea erabaki dute auzi sozial, politiko eta historikoak narratzeko. Euskarri anitzek osatu dute gibeleko ikerketa lana: ahoz aho transmitituriko istorioek, irakurketek, dokumentalek, Internetek... «Horrekin ohartzen gira Euskal Herrian migrante eta iheslariak euskaldunak izan direla. Noski, izan dira afrikarrak, ekialdekoak, Portugaletik ere anitz, edota juduak… eta euskaldunak».

Horregatik diote antzezleek: «Guk ongi dakigu, Bidasoari begiratuta, hau gure herria dela eta harrera herri bat dela. Hori nahi genuen azpimarratu eta bertako istorioak kontatu, ahoan bilorik gabe, gauzak diren bezala». Izenburuak salatzen duen gisan, «Bidasoa mintzatuko balitz, gauza anitz kontatuko lituzke», iragarri du Fuchsek.

Antzerki ibiltaria gauzatzeko, soinuak eta irudiak funtsezko rola ukanen dute. Horregatik, kolektiboa osatzen duten kideekin batera, Xabier Erkizia eta Gari Garaialde dira lantaldean; lehena soinu-hartzaile, teknikari eta sortzaile gisa, eta bigarrena, berriz, argazkilari eta migrazioaren alorreko militante gisa. Azaldurikoaren arabera, «paisaia berezi horien gibelean badira istorio anitz kontatzeko, edozein leiho, ertz edo ate iskinetan». Soinuari dagokionez, Antxeta irratiarekin lankidetza da obraren beste gakoetako bat. Bide beretik, inguruko herriekin elkarlanean aritu dira eta bertako 40 bat herritarrek hartzen dute parte antzerkian.

Estreinaldia bi emanaldiren bidez eginen dute irailaren 14an, 12.00etan eta 13.00etan, hain zuzen ere. Biharamunean beste bi emanaldi izanen dira, eta hala jarraituko du iraileko asteburu guziz, larunbat zein igandez, saio bi eskainiz. Tokiak mugatuak dira eta, antolatzaileek zehaztu dutenez, agortzen hasiak dira. Hendaiako Herriko Etxearen webgunearen bidez edota Mendi Zolara deituz eman daiteke izena.