04 SET. 2024 «120 battements par minute» filma, Sebastiane sarien 25. urteurrena ospatzeko «120 battements par minute» filmaren emanaldi berezi batekin ospatuko da Sebastiane Sariaren 25. urteurrena, Zinemaldian. Sari emate ekitaldia irailaren 17an izango da, eta epaimahaikideen artean daude Eneko Sagardoy eta Anna Castillo. Edizio berri honetako kartela, aldiz, Ruben B. Caballero diseinatzaileak egin du. 2017an, Sebastiane Saria jaso zuen «120 battements par minute» filmak. (ZINEMALDIA) GARA DONOSTIA Aurten mende laurden beteko da Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak lehen Sebastiane Saria eman zuenetik, Donostiako Zinemaldiaren barruan, «homosexualitatearen errealitate soziala» hobekien islatzen zuen filmari aitortza egiteko. Cesc Gayren ‘‘Krampack’’ filmetik Estibaliz Urresolaren ‘‘20.000 erle espezie’’ filmera -hau da, saritutako lehenengo lanetik azkenekora-, elkartearekin berarekin bat etorriz, aintzatespen-eremua zabaldu egin da; LGBTIQA+ kolektiboko trans, bisexual eta intersexualen errealitateei, askatasunei eta aurrerapenei erreparatuta eta, horrenbestez, kolektiboko letra guztiak barnean hartuta. Sari aitzindari honen 25. urteurrena ospatzeko, Sebastiane Sariaren 2017ko irabazle ‘‘120 battements par minute’’ filmaren emanaldi berezi bat egingo da hilaren 22an, Principe Zinema-aretoetan (18.15), eta filmaren zuzendari Robin Campillo eta antzezle protagonista Nahuel Perez Biscayart han bertan izango dira. Gehitutik eta Zinemalditik nabarmendu dutenez, bere historian zehar, Sebastiane sarietan «sexu-askatasunaren hainbat herrialdetako (Sri Lanka, Venezuela, Aljeria, Belgika...) egoeraren erretratuak aintzatetsi izan dira», baita garai hartan hasiberriak ziren zinemagileak −Nadine Labaki (‘‘Caramel’’, 2007)−, egileen bigarren filmak −Manuel Martin Cuenca (‘‘Malas temporadas’’, 2005) eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (‘‘80 egunean’’, 2010)− eta ibilbide luzeko zinemagileak −Jane Campion (‘‘The Power of the Dog’’, 2021)− ere. 2024an hamalau film dira Sebastiane 2024 sarirako hautagaiak. Horietako bi New Directors sailean bildu dira: ‘‘Bagger Drama’’ eta ‘‘Por donde pasa el silencio’’. Beste bost, berriz, Horizontes Latinosen: ‘‘Cidade; Campo’’; ‘‘El Jockey’’’; ‘‘Los domingos mueren mas personas’’; ‘‘Ramon y Ramon’’ eta ‘‘Reas’’. Eta hiru, Zabaltegi-Tabakaleran: ‘‘I Saw The TV Glow’’, ‘‘Sombra grande’’ eta ‘‘Boku No Ohisama’’. Hautagai bat bilduko du Perlak sailak, Emilia Perez, eta hiru, azkenik, Made in Spain-ek (‘‘Norberta’’, ‘‘Orgullo Vieja’’ eta ‘‘Reir, cantar, tal vez llorar’’). Epaimahaia Gehituko kidez eta Eneko Sagardoy eta Anna Castillo aktoreez osatuta egongo da, eta sariaren banaketa Bidassoa Taproomen egingo da hilaren 27an, 19.00etan. Edizio berezi honetarako kartela, aldiz, Ruben B. Caballero bertako diseinatzaileak egin du. Gainera, 9 herrialdetako 24 jaialdik bilera bat egingo dute, hausnartzeko (‘‘Jaialdi anitzak eratzea: programaziotik aurreiritzietara’’) eta galderei erantzuteko (‘‘Kultura anitza? 25 urte LGBTIQA+ ikus-entzunezko jaialdiak egiten’’). AINTZATESPENAK Gehitutik eta Zinemalditik nabarmendu dutenez, bere historian zehar, Sebastiane sarien bidez «sexu-askatasunaren hainbat herrialdetako (Sri Lanka, Venezuela, Aljeria, Belgika...) egoeraren erretratuak aintzatetsi izan dira», baita zinemagile hasiberri zein ibilbide luzekoen filmak goraipatu ere.