04 SET. 2024 BLINK TWICE Lehen unetik harrapatuko zaituen kontakizuna Gaizka IZAGIRRE HERNANI Zoë Kravitz-en lehenengo zuzendaritza lana den hau thriller psikologiko, salaketa sozial eta suspensearen artean nabigatzen duen film oso ausarta iruditu zait. Gainera -oso sotila ez den arren-, mezu feminista irmoa eta sendoa du. “Promising Young Woman” (2020) filmaren antzera, rape and revenge azpigeneroak badu beste ordezkari nabarmen bat: “Blink Twice’’, botere-gehiegikeriari patriarkatuari eta abusuari ukabilkada galanta. Lehen unetik harrapatuko zaitu eta amaitzen den arte ez zaitu askatuko. Atzealde gaiztoa duen glamour moduko bat arnasten da une oro; zerbait gaizki doala sentitzen dugu, baina ez dakigu zehazki zer den. Bisualki oso erakargarria den baina aldi berean zapaltzailea den atmosferari esker, luxuaren azalkeriaren eta arrisku sentsazioaren arteko kontrasteekin jolasten du. “The White Lotus” telesailaren atal bat Jordan Pelee-k edota Shyamalan-ek zuzendu izan balute bezalako zerbait. Metaforak eta sotiltasunak hasieratik bazterrean uzten dituen arren, Kravitzek hizkuntza zinematografikoaren erabilera harrigarria erakusten du. Pertsonaia nagusiaren begiradarekin batera doazen muntaketa lana eta musika, adibidez, bereziki deigarriak iruditu zaizkit. Irudiei ezartzen dien erritmoari eta tonuari esker, tentsioa sortzeko gaitasun paregabea erakusten du zuzendariak. Narrazioa oharkabean pasatzen diren detaile txikiz eta irudi subliminalez josita dago. Milimetrora zaindutako eraikuntza narratiboa osatu du; hori bai, gidoia xehetasunez aztertuz gero, apur bat tranpatiak edo artifizial samarrak diren elementuak ere topa daitezke -sugearen pozoiaren kontua, perfumearena, “untxi gorria” esaldia etengabe errepikatzen duen emakumea...-. Argi dago zenbait unetan burugabe samarra dela, baina gozamen hutsa iruditu zait!