Garaño eta Arregiren «Marco», Oscar sarietarako bidean
Jon Garaño eta Aitor Arregiren «Marco» filma sartu du Espainiako Zinema Akademiak Oscar sarietarako ordezkari posibleen zerrendan. Beste bi filmekin lehiatu beharko du: Isaki Lacuestaren «Segundo premio» eta Javier Maciperen «La estrella azul». Filma iragan ostiralean estreinatu zen Veneziako zinema jaialdian, Orizzonti sailaren barruan, eta Donostiako Zinemaldian ere hartuko du parte, Perlak sailean.
Aste bikainak bizitzen ari da Moriarti Produkzioak-eko lantaldea. Batetik, orain bost egun estreinatu zuten, Veneziako zinema jaialdian, zuzendaritzan Jon Garaño eta Aitor Arregiren sinadura daraman ‘‘Marco’’ filma (Veneziako jaialdian Orizzonti sailean lehiatuko da filma, eta larunbat honetan bertan jakinaraziko da sariren bat eskuratzen duen, orduan itxiko baita aurtengo Mostra) eta, bestetik, atzo, Madrilgo Zinema Akademiak jakinarazi zuen Enric Marcoren gaineko film hau izango dela Oscar sarietako nazioarteko film onenaren lehiara eraman lezakeen filmetako bat. Ordezkaritza hori eskuratzeko lehian beste bi film izango ditu aurrez aurre ‘‘Marco’’-k: Isaki Lacuestak zuzendutako ‘‘Segundo premio’’ eta Javier Maciperen ‘‘La estrella azul’’. Aipatzekoa da hautatuak suertatuz gero moriartitarrak bigarrenez sartuko liratekeela Oscarretarako lehian, 2015ean ‘‘Loreak’’ filmarekin ere izan baitzuten aukera.
Iragarpena goizean egin zuten Malena Alterio, Victoria Luengo eta Belen Cuesta antzezleek, Madrilgo Zinema Akademiaren egoitza nagusian egin zuten aurkezpenean.
SINDIKALISTA GEZURTIA
‘‘Marco’’ filmak Enric Marcoren istorioa dakar pantaila handira. Amical de Mauthausen deportatuen elkarteko buru izatera iritsi zen sindikalista hau ikastetxez ikastetxe ibili zen, nazismo garaian Flossenbürgeko kontzentrazio-esparruan bizi izan (omen) zituenak kontatzen eta nazismoaren krudelkeriaren salaketa eta gizarteratze lanak egiten.
Bere kontakizunak, baina, zenbait kontraesan eta itzal zituen eta horiek ikertzen hasi zen Benito Bermejo historialaria: Marco ez zela sekula kontzentrazio-esparru batean egon eta bere biografia goitik behera asmatua zela frogatu ahal izan zuen.
Garañok eta Arregik hemezortzi urte daramatzate film hau egin nahian. Orain dela kasik bi hamarkada Marco bera ezagutu eta bere istorioak erakarri egin zituen zinema zuzendariak, eta hainbat elkarrizketaren ostean haren bizipenen gaineko dokumental bat egitea adostu zuten. Baina, justu filmatzen hastera zihoazenean, Marcok beste proiektu batean parte hartuko zuela esan eta esku-hutsik utzi zituen zuzendariak.
Hala, Santiago Fillolek eta Lucas Vermalek eraman zuten pantailara Marcoren bizitza, ‘‘Ich Bin Enric Marco’’ (2009) dokumentalean, baina emaitzarekin pozik ez, eta Marcok Moriartiren atea jo zuen berriro. «Kursaalean genuen ekitaldi batera hurbildu zitzaigun, butifarra bat eskuan, bakea sinatu nahian. ‘Komunean dugun proiektua’ berrartu nahi zuela esan zigun», kontatu izan dute zinema zuzendariek. Ikus-entzunezkoetara ez ezik, Enric Marcoren bizitza liburuetara ere iritsi da: Javier Cercasek ‘‘El impostor’’ (Random House, 2016) lanean bildu zuen.
Garañoren eta Arregiren proiektua egonean egon da hainbat urtez, harik eta film luze formatuan aurkeztea erabaki zuten arte. Eduard Fernandez hautatu zuten Marcoren papera antzezteko -egiten duen antzezpen bikaina nabarmendu da Veneziako estreinaldiaren ostean-, eta Nathalie Poza, Daniela Brown, Chani Martin, Vicente Vergara, Fermi Reixach eta Sonia Almarchak osatzen dute antzezle nagusien zerrenda.
Hain zuzen ere, Eduard Fernandez izan zen atzo Madrilgo aurkezpenean, eta, adierazi zuenez, «ziurrenik bere bizitzako paper onena» egin du filmean. Interpretatzen dituen pertsonaiak epaitu zalea ez bada ere, Marcok «kontzentrazio-esparruetatik bizirik irten zirenei min handia» egin ziela esan zuen, eta, filmaz, Oscarretarako lehian sartzea merezi duela esan zuen, «pelikula ona» baita. «Moriartiek zinema ona egiten dute, ondo filmatzen dute, eta hori ez da beti ikusten», esan zuen.
Filmaren zuzendariek albistearen berri komunean duten txat baten bidez jaso zutela ere aipatu zuen.
Antzezleez gain, filmeko lantaldean, gidoirako Jose Mari Goenaga eta Jorge Gil Munarrizen parte hartzea izan dute bi zuzendariek, eta irudian, ohi bezala, Javier Agirre Erausorekin aritu dira lankidetzan. Musikarako, aldiz, Arantzazu Callejarekin elkarlanean aritu dira berriro ere.
Espainiako Zinema Akademiak irailaren 18an jakinaraziko du zein film hautatuko zuen nazioarteko film onenaren Oscar saria eskuratzeko lehian jarraitzeko.