06 SET. 2024 ERASO MATXISTAK Gaitzespena handitu arren, jaietan sexu eraso kopurua bikoiztu egin da Emakundek udako jaien balorazioa egin du eta, nahiz eta 2023arekin alderatuta sexu erasoen kopuruak Bilbon, Donostian eta Gasteizen gora egin duen, eskerrak eman zizkien herritarrei «jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzeagatik». Bestalde, atzotik zabalik dago 2024ko Berdintasunerako Emakunde Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eman zuen datuen berri. (Gotzon ARANBURU | FOKU) GARA GASTEIZ Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak EAEko udako jaien balorazioa egin zuen atzo, sexu erasoei eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez. Jai guztiak amaitu ez diren arren, Elgarrestak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko festak aipatu zituen, «termometro sozial gisa» balio dutelako, eta «urtez urte, eraso matxisten gaitzespen publikoa handituz» doala nabarmendu zuen. Elgarrestak hau nabarmendu zuen: «Jaietako pregoi edo hasierako hitz guztietan egon dira emakumeekiko errespetu eta askatasunaren aldeko deiak, jaietako programek prebentzio-mezuak agertu dituzte, puntu lilak egon dira, 24 orduko zentroak martxan… Nire ustez, sentsibilizazioa, baliabideak eta zerbitzuak gero eta handiagoak dira, eta, protokoloek ezartzen duten bezala, jaiak antolatzen hasten direnetik indarkeria matxistaren prebentzioa hartzen da kontuan». Ildo horretan, «urtez urte egiten ari den sentsibilizazio-lanak eraso asko prebenitzea lortu du, eta, aldi berean, sentsibilizazio handiagoak erasoak salatzera bultzatu ditu emakume asko, sozialki eta erakundeen aldetik babestuagoak sentitzen direlako», adierazi zuen. Horregatik, eskerrak eman nahi izan zizkien udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, elkarteei eta mugimendu feministari, baita herritar guztiei ere, «jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzeko lanean laguntzeagatik». ERNE JARRAITZEKO DEIA Emakundeko zuzendariak «erne jarraitzeko» deia egin zuen, aurten hiru hiriburuetan izandako sexu-erasoen datuak kontuan hartuta: zehazki, udaltzaingoek eta Ertzaintzak hiru hiriburuetako jaietan erregistratutako sexu-askatasunaren aurkako delituen balantzea 19 salaketa izan dira, horietatik 6 bortxaketagatik. Horrenbestez, gora egin dute salaketek 2023. urtearekin alderatuta, hiru hiriburuetan 8 salaketa izan baitziren iaz sexu erasoengatik. Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan 10 salaketa izan dira sexu erasoengatik, horietatik 3 bortxaketagatik; Donostiako Aste Nagusian 3 salaketa jaso dira sexu erasoengatik, horietako bat bortxaketagatik; eta Bilboko Aste Nagusian 6 sexu eraso salatu dira, horietako bi bortxaketagatik. Erasoekin batera, indarkeria matxista salaketak ere erregistratu dira (bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoak). Horrela, guztira 9 salaketa erregistratu dira Gasteizen (2023an baino 3 gutxiago), 12 Donostian (2023an baino 6 gehiago) eta 15 Bilbon (2023an baino 3 gutxiago). EMAKUNDE SARIAK Bestalde, atzotik aurrera zabalik dago 2024ko Berdintasunerako Emakunde Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea, sariaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Sari horren helburua da «publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna». Sariak 14.400 euroko diru-zuzkidura gordina du eta hori jasotzeko hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 7an amaituko da. ERASOAKUdaltzaingoek eta Ertzaintzak hiru hiriburuetako jaietan erregistratutako sexu-askatasunaren aurkako delituen balantzeak 19 salaketa jasotzen ditu, 2023an baino 11 gehiago.