06 SET. 2024 Iraileko festak gogotsu ospatzen ari dira zenbait herritan Iraileko jaiak gogotsu ospatzen ari dira Euskal Herriko hainbat herritan. Zestoa eta Hondarribia (Gipuzkoan), Urduliz eta Bermeo (Bizkaian), Otsagabia (Nafarroan) eta Dulantzi (Araban) dira asteburu honetan jai ekitaldiak martxan jarriko dituztenak. Zestoako txupinazoa herriko elkarte gastronomikoek botako dute aurten. Irudian, iaz pilotako euskal selekzioko ordezkariek botatakoa. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA ZESTOA Zestoan, gaur eguerdian bertan botako dute txupinazoa herriko elkarte gastronomikoek, «herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta». Arratsaldean, lehendabiziko zekorketa egingo da, eta ekitaldi horren alternatiba moduan, Gurea Kultura ekimenak antolatuta, kontzertuak izango dira estazio aldean. Gauean, azkenik, pilota partida profesionalak jokatuko dira. Bihar kuadrilla eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako paella lehiaketa, jolasak eta musika kontzertuak, tartean Delirium Tremens taldearena. Igandean, berriz, Amabirjina eguna ospatuko dute eta bertan herriko musika bandak protagonismo berezia izango du, goizeko eta arratsaldeko kalejirak eta eguerdiko kontzertua haren esku egongo baitira. Arratsaldean, artzain-txakurren Gipuzkoako txapelketa ere jokatuko da. Astelehena, azkenik, umeei zuzendutako eguna izango da eta haurrei zuri-gorriz janzteko gonbita egin diete. Horientzat egitarau erakargarria prestatu du jai batzordeak: diana zaratatsua, txupinazoa, Txantreako erraldoien kalejira, bazkaria, tailerrak, poneyak eta erromeria, besteak beste. Herriko alkateak, Mikel Arregi Urrutiak, «guztiontzat eta guztionak» diren jaiez gozatzera animatu ditu herritarrak zein bisitariak. HONDARRIBIA Gaur hasi eta asteazkenera bitartean ospatuko dira Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak Hondarribian. Gaurko ekitaldiak udaletxeko arkupeetan botako den pregoi txikiarekin abiatuko dira, eta Zea Mays taldearen kontzertuarekin amaitu. Txupinazo ofiziala larunbatean botako dute, eta egun horretan bertan haurren danborrada, urrezko intsigniaren eskaintza eta Doctor Deseoren kontzertua izango dira. Igandea Alardearen eguna izango da, hondarribiarren egunik handiena; aurten nobedadeak ekarriko ditu gainera. Astelehena haurrei zuzendutako eguna izango da; asteartea, kuadrillen eguna; eta asteazkenak baserritarrak izango ditu protagonista. URDULIZ ETA BERMEO Urdulizen gaurtik irailaren 15era ospatuko dituzte Andra Mari jaiak. Beraz, bi asteburu hartuko dituzte. Adin guztientzako jarduerak prestatu dituzte; besteak beste, haurrentzako ekitaldiak, kontzertuak, herri kirolak, kalejirak eta dantzak. Horrez gain, «jai inklusiboak, euskaldunak, errespetuzkoak, eraso matxistarik gabekoak eta ingurunea zainduko dutenak» izatea nahi du Udalak, «hori guztia tolerantziatik, errespetutik eta erantzukizunetik abiatuta». Suziri jaurtiketa eta pregoia, beraz, bariku honetan egingo dira, 19.00etan udaletxeko balkoitik, “Radio Patio” kuadrillaren eskutik. Ondoren, kakarraldoaren jaitsiera egingo da eta kalejira abiatuko da Urdulizko herritarren, kuadrillen eta Dunbots txarangaren laguntzarekin. Asteburuan, herri bazkaria, zezensuzkoak, herri kirolak, txirrindulari lasterketa, erromeria eta su ikuskizuna izango dira. Egitarauak irailaren 14 eta 15ean jarraituko du, mozorro egunarekin eta auto zaharren erakusketarekin. Bermeon ere bi asteburu hartuko ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Txosnetako txupinazoa gaur botako da eta zapatu arratsaldean hasiko dira ofizialki jaiak, Goiko plazan egingo diren Xixiliren aurkezpenarekin eta txupinazoarekin. Aurten, alkatearekin batera, Naia Laso skater olinpikoa izango da pregoia irakurri eta suziria botatzeko ardura izango duena, hala erabaki baitu herritarren gehiengoak. Aurresku eta jaitsieraren ondoren, eguna ondo amaitzeko, J Martina eta Tremenda Jauria taldeen emanaldiak hasiko dira. Domekan Udalbatza Almika auzora joango da erraldoien konpartsak, Aiarako musika bandak, Alkartasuna dantza taldeak eta Kankinkabara txistu taldeak lagunduta, eta arratsaldean umeen danborrada izango da, baita zesta punta jaialdia eta suziriak ere. Astelehena arrantzaleei eskainitako eguna izango da; irailaren 13a mozorro eguna; 14a sukalki eguna eta estropadena; 15ean Begoñako Ama Gaztelugatxeko uretan tronuratu zela oroituko dute; eta 16an, Santa Eufemia eguna ospatuko dute, nekazaritza azoka, erraldoi, bertsolari eta profesionalen pilota partidekin. OTSAGABIA Bizkaitik Nafarroara jauzi eginez, gaur Otsagabiko jaiak hasiko dira eta bost egun iraungo dute, asteartera arte. Hamarretakoaren ondoren, 12.00etan txupinazoa botako dute Udaletxeko plazan eta horren ondoren kalejira abiatuko da gaiteroekin eta erraldoi eta buruhandien konpartsarekin. Herri bazkariaren ondoren, txaranga, bingoa, Modus Operandi taldearen kontzertua eta Zirkinik Bez taldearen erromeria daude iragarrita. Larunbatean, Atharratzeko herriko etxeko ordezkariei ongietorria egingo zaie eta ondoren zapien ekitaldia, puzgarriak eta Atharratzeko dantza taldearen ikuskizuna izango dira. Eguerdiko kaldereteen ondoren, puzgarriak, “calva” herri jokoa, salbea, bingoa eta dantzaldia izango dira. Igandean, meza nagusia egingo da Muskildako basilikan eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak, dantzarien emanaldia, bingoa eta Tajudos eta Los Relocos taldeen emanaldiak izango dira. Astelehenean, berriz, haurrei eta adinekoei eskainitako ekitaldiak izango dira eta asteartean, auzoetako bazkaria eta dantzaldia. DULANTZI Arabako Dulantzin ere prest dute jaietako egitarau betea. Pregoia datorren ostegunean izango bada ere, larunbat honetan Potato taldearen kontzertua izango da, 20.00etan herriko plazan. Ekitaldi horrekin, Dulantzik bat egin du Arabako musika talde horren 40. urteurreneko ospakizunekin. Esan bezala, pregoia datorren ostegunean izango da, Haize Dulantzi dantza taldearen eskutik, eta txupinazoa zein Tripafinaren jaitsiera ostiralean izango dira (irailak 13). Ondoren, txosnen irekiera egingo da eta eguna amaitzeko Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua izango da herriko plazan. Musikak garrantzi berezia izango du txosnetan ere, irailaren 14an EH Sukarra taldearen kontzertua izango baita eta 21ean Moonshine Wagon eta So(r)cerdotas taldeena. Jai egitarauak bi asteburu hartuko ditu, irailaren 22ra arte. ZESTOALarunbatean kuadrilla eguna ospatuko dute Zestoan eta bertan ez dira faltako paella lehiaketa, kuadrillen arteko jolasak eta kontzertuak, tartean Delirium Tremens taldearena. HONDARRIBIAHondarribian pregoi txikiarekin hasiko dira gaur ekitaldiak. Txupinazo ofiziala larunbatean botako dute eta haurren danborrada, urrezko intsigniaren eskaintza eta Doctor Deseoren kontzertua izango dira. Igandea Alardearen eguna izango da. BERMEOBermeon, alkatearekin batera, Naia Laso skater olinpikoak izango du pregoia irakurri eta suziria botatzeko ardura, hala erabaki baitu herritarren gehiengoak.