Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Datozen uden aukerak

Kolpetik kolpera noa albisteak irakurtzen prentsan. Kolpea gero! Ikasturte politiko ofiziala hasi berri dela eta hara! Lakuako Gobernuak ez du “eraikitzailetzat” hartzen oposizioko talde nagusiak Legebiltzarrean hainbeste idatzizko ekimen aurkeztu izana. Nonbait hori ez da serioa. Hortaz, ea hurrengo uda beroko ikastaroren batean gai hartzen duten hori; hots, zer den oposizioaren eginbeharra halako legebiltzar batean. Azken finean, ez da politologoa izan behar jakiteko oposizioko talde nagusia GKE dela, hau da, gobernuz kanpoko erakundea. Eta hori abiapuntu, bere bidea egiten du, ganberaren barrukoa eta handik kanpokoa uztartu gurarik, eskua orain zabal, orain estu, pragmatismo eraldatzailetik honetan bai, horretan ez, edozein eztabaidak horixe baitu balizko ondorio: bai edo ez.

Gobernuak, seguruenik, jarrera eraikitzaileak nahiago lituzke oposiziotik. Argiago esateko, hemen-hor berdin da zer baina zementuz eraikitzearen aldeko jarrera “iraunkorra” nahiago. Seguru baietz! Zementua eta lege zaharrak, eraiki! Ez dute, bada, korapilo ederra Euskadiko eta Nafarroako tren zer horiek nondik lotuko, demontre horrekin! Horretan nahi ote oposizioaren jarrera eraikitzailea? Uda beroko beste ikastaro bat beharko lukete horiek, konturatzeko tren zer horien arazo nagusia ez dela trazaketa, garraio eredua bera baizik. Konturatzeko ere Aralarko erliebeak ez duela hutsa estaltzen; areago, bere baitako arrokek sortu dutela erliebea.

Eta beste ikastaro bat ere, biosfera erreserbak zer esan nahi duen jakin dezaten, eta beste bat museoek ez dutela zertan kultura egin konturatzeko. Eta beste bat alardearen plastiko beltzaz. Total, datozen udak gero eta beroagoak eta luzeagoak izango direnez, bada ikastaro asko eta askotarikoak antolatzeko aukera. Gaitz erdi!