Mugerza Krosean distira egin duten atletek sei urre irabazi dituzte Parisen
Sei urre, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat; horra Mintxeta Atletismo Taldeak, Elgoibarko Krosaren antolatzaileak, Olinpiar Jokoen inguruan plazaratutako balantzea. Parisen 5.000 eta 10.000 metrokoetan garaile izan den Beatrice Chebet da buru.
Parisen jokatu berri diren Olinpiar Jokoek Euskal Herrian era ezberdineko oihartzuna laga dute. Batetik, euskal kirolariek lorturiko emaitzak eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren kirol proba ezberdinetan parte hartu duten kirolariek Olinpiar Jokoetan erdietsitako emaitzak. Alde horretatik, harro egoteko nahikoa motibo dauka Elgoibarko Mintxeta Atletismo Taldeak Parisen izan diren atletismoko emaitzei erreparatu ondoren. Sei urrezko domina, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat pilatu dituzte azken urteetan Mintxetako zirkuituan distira egin duten atletek.
«Elgoibarko Juan Mugerza Nazioarteko Krosetik oso balorazio positiboa egin dezakegu inoiz gure ekitaldian parte hartu duten atletek lortutako emaitzen inguruan», dio Mintxeta Atletismo Taldeak -MAT- prentsa ohar batean. IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioak gorengo maila eman dio Elgoibarren urtero urtarrilean jokatzen den Juan Mugerzaren oroimenezko krosari; egun Euskal Herrian maila hori mantentzen duen bakarra da.
Paris 2024ko emaitzek Mugerza Krosari sekulako indarra eman diote. «Gu ezin gara Italica bezalako krosekin lehiatu», esan du Zigor Diezek, jakitun aurrekontua osatzea eta korrikalari kontrastatuak ekartzea zaila dela. Ondorioz, Mugerza Krosak etorkizuneko izarrak ekarri nahi izaten ditu; hau da, Elgoibarren artean hain ezagun -eta diruz baloratuak- ez direlarik aritzen diren atletak, zeintzuek beren ospea Mintxetan distira egin ostean irabazten duten.
GAINDIEZINA
Ez dago Beatrice Chebet baino adibide hoberik. Kenyako atletak dena irabazi du aurten: Mugerza Krosa urtarrilean -2020 eta 2022ko bigarren postua gaindituz-, 10.000 metroko munduko marka Olinpiar Jokoen bezperetan eta 5.000 eta 10.000 metrokoetan urrezko domina Parisko ekitaldian.
Alabaina, ez da Chebet izan Parisen urrez tindatu den atleta bakarra. Beste lau korrikalarik podiumeko gorengo lekua hartu dute: Soufianee El Bakkali marokoarrak 3.000 metroko oztopoduneko finala irabazi du, Elgoibarren aurten hirugarren amaitu ostean; Ugandako Joshua Cheptegei gizonezkoen 10.000 metrokoan txapeldun izan da, 2017an Mintxetan nagusitu eta gero -2015ean hirugarren; Winfred Mutile Yavi Bahraingo korrikalariak Elgoibarren hirugarren amaitu zuen iaz, eta aurten emakumeen 3.000 metroko oztopodun proban urrea lortu du Parisen; azkenik, Etiopiako Tamirat Tola gizonen maratoian nagusitu da, aurretik, 2016an, Elgoibarren bigarren sailkatu eta gero.
Zilarra Etiopiako Berihu Aregawik eraman du gizonen 10.000 metroko finalean; hau da, aurten Mintxetan nagusitu den atleta bigarren sailkatu da Parisen. Brontzea, berriz, Hellen Obiri kenyarrak eraman du, emakumeen maratoian, Elgoibarren 2019an eta 2020an nagusi izan ostean.
Orotara, Mintxeta Atletismo Taldetik aditzera eman dutenez, «31 gizon eta 22 emakume izan dira Paris 2024an egon direnak eta inoiz gure krosean parte hartu dutenak».
Laburbilduz, urtarrilero atletismoko izar handiak ikus daitezke Elgoibarren; 11.000 biztanle eskas dituen herri batentzat luxuzko kontua da hori. Atletentzat, berriz, «Mugerzaren bedeinkazioa» da, nazioartean Elgoibarren egindakoa berrets dezaten.
Izan ere, «historian zehar 29 urre, 18 zilar eta 19 brontze (66 domina guztira) lortu dituzte bere garaian Lerungo ibilbide urbanoa eta 1993az geroztik Mintxeta zirkuitua zapaldu duten atletek», Mamo Wolde handia izanik Elgoibarren nagusitu ostean Olinpiar Jokoetan urrea eskuratu zuen aurrenekoa, 1968an. Hurrengo hitzordua 2025eko urtarrilaren 5ean izango da. Ikusi egin behar, atleta horietatik zenbat «bedeinkaturik» ateratzen diren Mintxetatik.
«KROS HERRIKOIA»
Ez da ahaztu behar, haatik, Mugerza Kroseko «elitismoa» «boluntarioen lanean» oinarritzen dela, Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko kideak behin eta berriz esan bezala.
«Krosa herriarena da. Boluntarioen lanari esker ateratzen da aurrera. Elgoibarko krosa desberdina da, gure herriko ekitaldirik esanguratsuena, nazio mailako egutegiko probarik zaharrena, eta atletismoaren munduan murgilduta dauden pertsona gehienentzat, munduko probarik onena», adierazi zuen Zigor Diezek berak covid-19a zela-eta 2021eko ekitaldia bertan behera utzi behar izan zenean.
Horregatik, punta-puntako maila profesionala mantentzen duen arren, boluntarioek eramaten dute aurrera.