09 SET. 2024 EpitomeA Jon GARMENDIA Idazlea Lauaz aritu naiz lau batekin. Ez naiz sinpleaz ari, ez ordekaz, eta lauetan erdizkaz ere ez. Bederatzi tipo, eta ez tipa, dira eneAgramak, eneak hiru, zureak lau. Zazpi. Tira, bederatzira iristeko faltan, bi; lau seme izan zituen Laurak, nire amak, eta maite ditu laurak. Hauxe erraten zuen ene aitak, lau harrotasunez kontatzen baitzuen, semeez hitz eginda petxua puzten. Gizona eta baserritarra, abizena eta indarra neurtzen. Baina ez zuen gaiztoki erraten. Amak, aldiz, seme bat, eta bat, eta bat, eta bat. Inoiz ez lau. Bakoitzak baldin badu maitatzeko modu bat, nola izango da lau osotasun bat? Eneagramaren arabera artistak dira lauak, sorkuntzaz beteak, eta segurtasun ezaz. Heien burua gaztigatzen eta kuestionatzen. Baina egiazkotasuna horretan datza. Zer da ba barneko kezka errekasto edo ibai eder bat ez bada, garbitu bezala sendotzen zaituena? Epitomerik ez dago hemen, baizik bizitza bere osoan zer den. Maitasuna hain da hitz unibertsala hain partikularki sentitzeko gero... Ez laburtu, ez egin epitomerik. Eta egin behar baduzu, zote-erdizka-dobla-erdizka baino hobe adieraziko dizu poema haren hiruak. Barka, hiru A-k. Asko, aski eta aske maite zaitudala entzuteAk. Maite zaitugula ez esateArren.