09 SET. 2024 EDITORIALA Norabide onean, baina normaltasunetik urrun Urtean baino urtean argiago sumatzen da Bidasoaldeko alardeen inguruko auzia norabide egokian bideratuta dagoela. Norabide egokian, haren buruan justizia, berdintasuna, inklusioa... hainbat balio daudelako, XXI. mende honetan jarrerarik atzerakoienek baino zalantzan jartzen ez dituzten balioak. Eskuin muturrak eta mugimendu integristek baino zalantzan jartzen ez dituztenak. Atzo Hondarribian konpainia gisa atera zen Jaizkibel lehen aldiz, inoiz baino jendetsuago, Udalaren onespenarekin. Baina ez berdintasunean. Emakumeek parte hartzea galarazten duen Alardeko kide batzuek konpainia parekidea txalotu zuten; hala ere, Alardea eta Jaizkibel konpainia ez ziren batera agertu, beste batzuen temaren erakusgarri. Beraz, ezin esan daiteke normaltasuna dagoenik. Normaltasuntzat saldu nahi dutena ez da normala. Alarde baztertzaileko konpainiek bide luzea egin behar dute esandako balio horien norabidean. Udalari dagokionez, onartu beharra dago azken aldian urrats batzuk egin dituela, baina baita ez dela nahikoa esan ere. Kontziente izan behar du egindakoak, norabide onean eginda ere, urratsak direla eta ez ibilbidea, eta 28 urteren buruan ezin dela gelditu mugimenduak bertigoa eragiten dienen zain. Jendarte osoaren eta, jakina, instituzioen ardura da. Zentzu horretan, aipagarria da Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak Eihera kooperatibarekin batera LGTBI+ pertsonen errealitatea -eta erresilientzia- ezagutarazteko bultzatutako prozesua, “Oihu bat isiltasunean” liburu eta diagnostikoak jasotzen duena. Izan ere, auzian dagoena ez da alardea bakarrik, askoz zabalagoa da, giza harremanak bezain zabala. Oraindik entzuten dira emakumeak gero eta harrotuago daudela eta gisa bereko ateraldiak, horrek hondamendia iragarriko balu bezala. Ez, emakumeak gero eta ahaldunduago daude jendartean dagokien lekuaren bila, besterik ez. Alardea auzi horren adierazgarri da, eta zorionez konponbide ezin argiagoa du: nahi duen herritar orok parte hartzeko eta herritar guztien udalak babestutako alardea, bazterkeriaren agonia gehiago luzatu gabe, berdintasuna ez baita desberdintasun disimulatua.