10 SET. 2024 JOPUNTUA Bortxaketaren kultura Mikel IBARGUREN Idazlea Egitate bat da, emakumeenganako biolentzia sexuala kulturala da, hots, kolektiboa, eta ez indibiduala. Ez da gertatzen noizean behingo inpultso patologiko baten ondorioz, jendartean egituratuta eta txertatuta dago eta sozialki nahiz mediatikoki babestu, toleratu edo justifikatu egiten den praktika orokortua da. Lehen mailako arazo politiko baten aurrean gaude. Eric Fastin soziologoaren arabera, bortxatzailea edo erasotzailea hurbilekoa da, gure kulturan dago, gure egunerokoan dabil, jendartean dago, ez da ezezagun bat, ez da «beste» hori, askotan sinetsarazi nahi diguten bezala. Gure jai guneetan, kale ertzetan, lantegietan dabil erasotzailea. Gehienetan, oro har, ezaguna da erasotzailea. Bortxaketaren kulturak sexu erasoak banalizatu («bere errua izan da»...) eta erasotutako emakumea errudun egiten du minigonak janzten dituelako, edanda dagoelako, bera baino gazteagoekin dabilelako, are probokatu egiten dituelako. Bortxaketaren kulturak oinarri ideologikoa du («salaketa gehienak faltsuak dira...») eta erasotuaren hitza estaltzen du, sinesgarritasuna kentzen dio emakumeari («eske...»), umiliatu, kulpabilizatu, birbiktimizatu egiten du. Bortxaketaren kulturak biolentzia fisikorik gabeko biolentzia sinbolikoa hauspotzen du, feministen eta hauen ekintzen kontrako gorrotoa elikatzen du eta haien lekua non den agintzen die TikTok, manosfera eta antzeko panoptiko birtualen bitartez; gizonen biktimismoa lehenetsi eta gazteen artean neokontserbadurismoa sustatzen du. Kultura, alabaina, gizakiok egiten dugunez, guri dagokigu bortxaketaren kultura hau aldatzea, kultura eta jendarte eredu berri baten oinarriak ezartzeko, justuagoa, botere harremanak eraldatuko dituena, zaintza erdigunean ezarriko duena; bell hooks-ek esan bezala feminismoa denon kontua baita, edo, Lorea Agirrek Chimamanda Ngozi Adichieren “Guztiok izan beharko genuke feminista” liburuaren hitzaurrean ezin hobeto dioen eran, feminismoak leku bat emango baitizu munduan, «leku eder bat desikasi, deseraiki eta zeure buruaz beste bat egiteko». Ausart gaitezen. Kultura, alabaina, gizakiok egiten dugunez, guri dagokigu bortxaketaren kultura hau aldatzea, kultura eta jendarte eredu oinarriak ezartzeko