10 SET. 2024 Paco Rocaren azken komikia, euskaraz eta 3.000 aleko tiradarekin «Argitaletxe bezala daramatzagun 23 urteetan, inoiz izan dugun argitalpen hasierarik indartsuena izan da hau, zazpi hilabetetan 57.000 ale saldu baitira», aitortu du Javier Zalbidegoitiak, Bilboko Astiberri argitaletxeko editoreak. Paco Roca valentziarraren azken komikia orain euskaraz eta katalanez kaleratu da eta, euskarari dagokionez, apustu sendoa egin dute: 3.000 aleko tirada ezohikoarekin atera baita “Ahanzturaren leizea”. 1940ko irailaren 14an, Paterna (Valentzia). Jose Celda eta beste preso anitz fusilatuko dituzte. (ASTIBERRI) AMAIA EREÑAGA BILBO Eskuin-muturra Europan berriz hedatzen ari den garai nahasi hauetan eta, Estatu espainiarrean, frankismoak utzitako zauriak azaleratzeak oraindik eskuineko alderdiengandik erantzun suminduak eragiten dituenean, Paco Roca (Valentzia, 1969) marrazkilariaren azken komikia izaten ari den arrakasta are deigarriagoa egiten da. Iaz argitaratu zenetik, “El abismo del olvido” (Astiberri, 2023) komikia liburu salduenen zerrendaren lehen postuetan mantendu baita. Paco Rocak irudiak egin ditu -ikusgarriak-, eta gidoia Rocak berak eta Rodrigo Terrasa kazetari valentziarrak. Estatu mailan komikigintzaren arloko argitaletxe indartsuena da Bilbon kokatutako Astiberri. Paco Rocak hemen argitaratzen ohi ditu bere lanak eta, normalean salduenen artean izaten diren arren, oraingoan marka guztiak apurtu ditu liburu honek. Zazpi hilabetetan 57.000 ale, ez da marka makala. «Astiberrik inoiz argitaratu duen lanik beharrezkoena da hau, diktadura frankista amaitu eta ia 50 urtera, zoritxarrez oraindik gainditu gabeko errealitate baten aurrean gaudelako», gehitzen du Javier Zalbidegoitia editoreak. Orain, joan den abuztuaren 29tik zehazki, euskara eta katalanera itzulita eskuratu daiteke. Euskaraz, “Ahanzturaren leizeak” izenburua du. Eskarmentu handiko itzultzailea den Bego Montoriok Paco Rocaren lana gertutik ezagutzen du, Astiberrik valentziarrari euskaraz kaleratu dizkion tituluak -”Zimurrak” eta “Etxea” izan ziren aurrekoak- emakume komikizale honek itzuli baitzituen: «Lehen aldiz entzuten dugunean ‘abismo’ hitza, amildegian pentsatzen dugu. Baina liburua irakurrita esaten duzu: ez, hau ez da amildegi bat, leize sakon bat baizik», argitzen du. Jatorrizko komikiaren ibilbidea ikusirik, erabaki bat hartu zuen Astiberrik: «Tiradari dagokionez apustu bat egin dugu, euskarazko irakurleei hortzak tentatuko dizkielakoan gaudelako. Hori dela eta, 3.000 aleko edizio bat atera dugu. Gaztelaniazko liburuentzat ere ohikoa ez da tirada hori, gure estandarren arabera. Bilbotarrak izatearen ‘bekatuan’ erori ez izana espero dugu!», gehitu du editoreak. FUSILAMENDU HAUEK, BORROKA HAUEK 1940ko irailaren 14an, Espainiako Gerra Zibila amaitu eta 532 egunera, erregimen frankistak Jose Celda fusilatu zuen beste hamaika gizonekin batera Paternako (Valentzia) hilobiaren atzeko horman, eta hobi komun batean lurperatu zituen. Zazpi hamarkada beranduago, haren gorpuzkiak lokalizatu eta berreskuratu ahal izan zituen Joseren alaba Pepica Celdak. 80 urteak beteak zituen ordurako; aita hil ziotenean 8 zituen. Hau da liburuaren hastapena, ikerketa sakon honen abiapuntua... eta bidean, ahots asko aurkituko ditugu, istorio asko, zauri sakonak... eta heroi isilak. Pepica Celdaren ahanzturaren kontrako borroka pertsonal horretan funtsezkoa izan zen Leoncio Badia, herriko hilerrian hobiratzaile lanean jardutera kondenatu zuten errepublikanoa. Bizitzaren zentzuak eta unibertsoaren ordenak obsesionaturiko gizona zen Leoncio, eta hainbat urtez, ezkutuan eta bizitza arriskuan jarriz, gerrako errepresaliatuen alargunei lagundu zien haien gorpuzkiak identifikatzen eta ahalik eta modurik duinenean lurperatzen, hobiak lokalizatzen eta gorpuzkien artean mezuak ezkutatzen, sinesten baitzuen norbaitek noizbait handik aterako zituela. Rodrigo Terrasa kazetariaren dokumentazio lan garrantzitsua sumatzen da liburu honetan. «Pacok gidoiaren lehen idazketa 2021eko abuztuan ekarri zigunean, une horretan bertan jakin genuen obra handi bat bihur zitekeenaren aurrean geundela. Konfiantza amaigabea dugu Paco Rocarengan, istorio handien eraikitzailea delako. 2004an ‘El Faro’ liburuarekin bere lanak editatzen hasi zenetik, berak beti eskatu izan dit iritzi arrazoitu bat. Hor eztabaida aberats bat zabaldu da beti, baina berak hartzen du azken erabakia. Eta maisua denez, beti ondo erabakitzen du. Komiki honen lau bertsio egon dira, baina egin zuen lehen aurkezpenetik bere esentzia zegoen. Eta baita datuen zorroztasuna ere, non Rodrigo Terrasaren lana oso garrantzitsua izan den, baita ideiak ekartzerakoan ere», dio. «LIBURU POTENTEA DA» Memoria historikoari dagokionez, eskuineko alderdi nagusiaren jarrera ez da argitasunaren aldekoa izan Estatu espainiarrean. Ez orduan, ezta gaur egun ere. Hau dela eta, hobi komunen arazoa azaleratzen duen liburua salduenen zerrendan egotea pozgarria da oso. «Hori bera etorri izan zait burura azken garaian: horren kontrako uholde bat dago, memoria historikoaren kontrako uholdea nolabait, eta horrelakoetan are zentzu gehiago hartzen du horrelako lan batek», dio Bego Montorio itzultzaileak. Liburuaren azaleko marrazki kitzikagarriak irudikatzen duen legez, hilerrietako hobi komunetan hainbeste urtetan lurperaturik egon diren frankismoak hildakoak “askatu” egin dira; haien izpirituak gure artean daude. Bego Montoriok hala dio: «Esan zidatenean euskaratu egin behar zela poztu nintzen izugarri, liburu hau euskaraz ere egongo zelako. Eta gero eskaini zidatenean euskarara ekartzeko, ba are gehiago. Gero jarri nintzen itzultzailearen begiekin irakurtzen, zeren normalean ni saiatzen naiz irakurle moduan irakurtzen, plazer hutsez». Edukietan aberatsa, fikzioa eta kazetaritza kiribilduta bere egituran, ahots desberdinez osatua... komiki hau euskarara ekartzeko lana ez da dirudien bezain erraza. Kontuan hartu behar da daukagun espazioa -burbuilan sartu behar da testua, esaterako-, eta terminologia zehatza erabili. Esaterako, hobien indusketan erabiltzen den forentseen hizkera bereganatu behar du itzultzaileak... baita garaian erabiltzen zen hizkera ere; fusilatuekin erabiltzen zen “saca” hitza nola euskaratu dezakezu? «Gerra zibilean gauza jakin baterako erabiltzen zen ‘saca’ hori: ateratzen zituztenean fusilatzeko eta hiltzeko. Hor ibili nintzen dokumentuak irakurtzen, euskaraz nola eman den, eta azkenean erabaki genuen ‘saca’ bere horretan uztea, ikusita, besteak beste, beste hizkuntza batzuetan gorde dela hitz hori. Euskaraz ez nuen topatu inon beste modu batera esanda», dio Montoriok. KOMIKIEN LORALDIA? Komikiarekin zaletasun berezia aitortzen Montoriok: «Lehendabizi komikia izan zen, eta gero itzulpena», dio irribarre batekin. Nabaritzen al da euskal komikiaren susperraldi bat? galdetu diogu. «Azken urteetan nobela grafikoa asko zabaldu da, eta nik uste dut asko zabaldu dela komiki-irakurle ez den jendearen artean. Azken urteetan izan naiz irakurleen taldeetan komikiak komentatzen, eta hori pozgarria da, jendeak barneratu dezala komikia dela beste genero bat». Javier Zalbidegoitia ere susperraldi horren lekuko da: «Gu euskarazko lehen komikiak argitaratzen hasi ginen 2004. urtean. Euskal mitologiari buruzko hiru liburu ilustratu argitaratu genituen, eta oso arrakastatsuak izan ziren arren, utzi egin behar izan genion, ez zutelako inolako oihartzunik izan. Ia hamarkada bat beranduago euskarazko komikiari heldu genion berriz, Javier de Isusiren ‘Baleak ikusi ditut’ lanarekin, eta hilabete batzuk geroago Paco Rocaren erreferentziazko lan bat, ‘Zimurrak’, kaleratu genuen. 1.000 bat aleko tiradarekin atera zen. Eta horretan gabiltza, saiakerak egiten etengabe. Orain, gero eta interes handiagoa dagoela ikusten ari gara, eta salmentetan nabari da, batez ere Art Spiegelmanen ‘Maus’ edo Joe Saccoren ‘Palestina’ bezalako nazioarteko izen handiak gehitu ditugunean. 2.000 aleko tiradatik, bietatik 1.500 aletik gora saldu ditugu». BEHARREZKOA «Astiberrik inoiz argitaratu duen lanik beharrezkoena da hau, diktadura frankista amaitu eta ia 50 urtera, zoritxarrez oraindik gainditu gabeko errealitate baten aurrean gaudelako», Javier Zaldibegoitia editorearen esanetan. ITZULTZAILEA «Esan zidatenean euskaratu egin behar zela poztu nintzen izugarri, liburu hau euskaraz ere egongo zelako. Eta gero eskaini zidatenean euskarara ekartzeko, ba are gehiago. Gero jarri nintzen itzultzailearen begiekin irakurtzen, zeren normalean ni saiatzen naiz irakurle moduan irakurtzen, plazer hutsez», dio Bego Montorio itzultzaileak.