GARA
GENEVA

Etorkizun distopiko baterantz doa mundua, NBEak ohartarazi duenez

Eskalada militarrak, errepresioa eta desinformazioa egungo ardatz bihurtu diren honetan, mundua «bidegurutze» batean dago, eta kontuz ibili ezean, «etorkizun distopiko» batera bideratuko da, NBEaren Giza Eskubideen Goi Komisario Volker Turkek ohartarazi duenez.

Familia baten lurperatzea Lviven, Ukrainan.
Familia baten lurperatzea Lviven, Ukrainan. (Y. DYACHYSHYN | AFP)

«Gaur egungo bidetik jarrai dezakegu -egoera erabat arriskutsua dena normaltasun berri bat bezala hartuz-- eta, somnanbuluen antzera, etorkizun distopiko baterantz jo. Edo esna gaitezke eta gauzak irauli ditzakegu gure, gizateriaren eta planetaren onerako», esan zuen Volker Turkek, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren 57. bilkuraren hasieran. Izan ere, «normaltasun berri» hori «amaierarik gabeko eskalada militarraren eta «gerra kontrol eta errepresio metodo gero eta izugarriagoen eta teknologikoki aurreratuenen eskutik dator», jarraitu zuen.

Normaltasun berri horretan, gainera, «Estatuen artean eta haien barnean gero eta handiagoak ziren desberdintasunak etengabeko axolagabekeriaz ikusten dira».

Turkek ohartarazi zuenez, «bazter guztietara zabaltzen den desinformazioak gertaerak ezagutzeko eta hautu askeak eta oinarrituak egiteko aukera ekiditen du. Erretorika sutsuek eta konponbide sinplistek testuingurua, ñabardura eta enpatia ezabatzen dituzte, gorrotozko diskurtsoei eta ezinbesteko ondorio negargarriei bidea irekiz».

«Bidegabekeriak, erantzukizun gutxien dutenei gehien eragiten dien aldaketa klimatikoa, giza eskubideen urraketak, nazioarteko arau eta erakunde erasanak..», egungo munduaren aurpegi iluna azaldu zuen.

«NORMALTASUN BERRIARI» EZ

Baina, gogora ekarri zuenez, «beste aukera bat egin dezakegu eta egin behar dugu, guztiok partekatzen ditugun balio unibertsalek gidatuta»

«Kolektiboki, normaltasun berri horri eta dakarren etorkizun distopikoari ezetz esan behar diegu», eta horretarako herritarrei «erne egoteko» eskatu die agintariak aukeratu behar dituztenean. «Ez zaitezte fidatu aho beroarekin errealitatea ukatzen duten irtenbide ilusionagarriak proposa- tzen dituzten gizon indartsuez». «Jakin gizatalde bat deabrutzen dutenean zuek izango zaretela hurrengoak».