11 SET. 2024 Abentura eta fantasia Amancay Gaztañagaren «Martin Martina» trilogian Amancay Gaztañagak fantasia, abentura eta euskal mitologia lantzen dituen trilogiaren lehen liburua aurkeztu zuen atzo: “Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa”. Protagonista nerabe intersexual bat da, eta uda, zigortuta, aitona-amonen gazteluan pasatu beharko du, hor abiatuko da abentura eta misterioa. Gaztañagak trilogiako lehenengo liburua aurkeztu zuen atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Euskal mitologiak, fantasiak eta abentura liburuek txunditu zuten nerabetan Amancay Gaztañaga, eta egungo nerabeek hori euskaraz bizitzeko nahiak bultzatu zuen idazketa prozesura. Hasieratik zuen argi trilogia bat idatziko zuela, eta atzo aurkeztu zuen lehendabiziko liburua Donostian, "Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa" (Elkar, 2024). Hiru liburuetako protagonista da Martin Martina, 13 urteko nerabe intersexuala. Aspaldidanik zuen Gaztañagak pertsonaia buruan; izan ere, aurkezpenean kontatu zuen bera jaio aurretik ba omen zegoela Martin Martina deitzen zioten pertsona bat Zestoan: «Kontakizun asko iritsi zaizkit bere ingurukoak, emakume bizarduna omen zen, gona loredunekin ibiltzen zena, eta emakumezkoek oraindik tabernetan sartu ezin zuten garaian bera gizonekin musean ibiltzen omen zen. Garaian hermafrodita bezala izendatzen zuten; egun pertsona intersexual gisa izendatuko genuke». Martin Martinaren kontakizunek eta egungo egoerak zer pentsatua eman zioten zestoarrari, «intersexualentzat ez dago tokirik gizarte honetan», azaldu zuen. Eta berak fantasiazko eta abenturazko mundu bat sortu dio, bizi dadin. Gainera, euskarak genero markarik ez izateak asko lagundu diola aitortu zuen, «euskal mitologiak ere asko du horretatik, baina arakatu egin behar da». LAMINEN ORRAZIA “Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa” da lehenengo liburua, laminen munduan murgilduko da protagonista bertan. Institutuko zuzendariak aitona-amonen gazteluan uda pasatzera zigortu du Martin Martina. Gazteluaren hormek sekretu asko gordetzen dituzte, ordea; lapurreta bat ere gertatuko da, laminaren orraziarena. Egungo testuinguruari ere lotuta dago istorioa. Aurkezpenean Gaztañagak aurreratu zuen AHTaren eraikuntza lanak «bat-batean» asko aurreratuko direla, eta gogoratu zuen euskal mitologian laminek eraikuntza lanetarako dohaina dutela. Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak Gaztañagak «beste aldekoarekin» konektatzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen, kasu honetan, irakurlearekin. «Gaur egungo gazteen kodeak erabiltzen ditu, eta konplizitate keinuak egiten dizkie liburuan geratu daitezen». Besteak beste, globalizazioa, herri txikien hustea eta naturarekin konexioa direla liburuko gaiak azaldu zuen Mendizabalek. FANTASIAREN GARRANTZIA Mendizabalek azpimarratu zuen euskal mitologiaren iruditegia «eguneratzeko» ariketa ere egin duela Gaztañagak lan honetan zehar, eta horrek nerabeak euskal kulturara «folkloreaz harago» erakartzea lortu dezakeela uste du. «Haurrek fantasia bidez konektatzen dute guretzat politikoak diren gauzekin», zehaztu zuen Gaztañagak. EUSKARAZFantasiazko liburuak euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean. Izan ere, editorearen hitzetan fantasiazko liburuek gainontzeko hizkuntzetan «arrakasta» izaten dute, eta euskaraz ere bide hori urratzea dagokigula uste du. TRILOGIABigarren liburua Durangoko Azokarako ateratzea aurreikusten dute, «Martin Martina sorginen batzarra» izenburupean, eta hirugarrena, berriz, 2025eko udaberrian, «Martin Martina gauekoak» izenekoa.