Peli LEKUONA
DONOSTIA

Gaitzespen publikoek eta salaketek gora egin arren, sexu erasoek ere gora egin dute udan

Elgarrestak udako balantzea egin zuen.
Elgarrestak udako balantzea egin zuen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Emakundek udako jaien balorazioa egin berritan Miren Elgarresta NAIZ Irratian izan zen nondik norakoak azaltzeko. Kontatu zuenez, 2023ko urtearekin alderatuta sexu erasoen kopuruak gora egin du Bilbo, Donostia eta Gasteizen; bikoiztu egin dira, hain zuzen ere. Hala ere, jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzeagatik eskerrak eman zizkien herritarrei.

«Gaitzespen publikoa handituz doa eta erreferentziazko hitzartzeetan emakumeekiko errespetu eta askatasunaren aldeko deiak egon dira», nabarmendu zuen Elgarrestak. Eta hori urteetan zehar egindako sentsibilizazio lanaren eraginez gertatu dela azaldu zuen. «Gero eta zerbitzu eta baliabide gehiago daude; horiek direla-eta, emakumeok ikusten dugu babes gehiago dugula salaketak jartzeko», azaldu zuen zuzendariak. Bestalde, “Gizonduz” programak gizonen inplikazioa handiagotzeko balio izan duela kontatu zuen, eta programaren aurrekontua handitu dutela.

ALARDEAN, AURRERA URRATSAK

Hondarribiko alardearen inguruan ere mintzatu zen zuzendaria, urratsak txikiak izan baziren ere egin zirela txalotu zuen: «Urtean zehar lan asko egin da eta zentzu horretan eskertu egin behar dugu udalak erakutsi duen prestutasuna; baita parte hartu duten eragileen lana ere».