12 SET. 2024 Musikaren preskriptoreak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Kultura preskriptorea publiko jakin batengan eragiteko trebezia duen edo ospe handiko pertsona da, eta iritzia edo balorazioa partekatzen duenean errekonozimendua du. Aprobetxagarria da publikoarentzat hark esandakoa. Preskriptorea jakinaren gainean ez balego ere, itxurak egingo ditu dena jakinaren gainean duela edo “kontrolpean”; dena dakiela, alegia. Preskriptorea da jakintsua edo autoritatea duena gai jakin baten inguruan. Segituan usnatu ohi du zerbait horren interesgarritasuna, edo zerbait horrek (kantu, talde, sortzaile, musikari, artista…) laster izango duen garrantziaz. Horri esan ahal zaio nagusitasun intelektualaren izerdia botatzen duen artista preskriptoreak usnatu duela istantean. Beraz, preskriptoreak ere badu nagusitasun intelektualaren puntua. Debaluatzen al da preskriptorearen sinesgarritasuna, ez balu beti usnatuko beste artisten interesgarritasun komertzial eta kulturala? Diskogintzan, besteak beste, hauek ditugu preskriptore: Iñaki Beobide (Herri Gogoa), Marino Goñi (Soñua, Gor), Anjel Valdes (Elkar), Fermin Muguruza (Esan Ozenki). Musikagintzan, hemen ere besteak beste: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gorka Urbizu, Pello Reparaz. Soinu teknikarietan: Jean Phocas, Kaki Arkarazo. Musika kazetaritzan: Pablo Cabeza (gaztelaniaz idatzi arren), Koldo Otamendi. Kultura politikan: Garbine Ubeda, Lorea Agirre. Literaturan: Karmele Jaio. Industria kulturalean: Josemari Sors, Fernando Unsain, Olatz Osa. Nire preskriptorerik handienetakoa, besteak beste, autogestioa izan da, ezpondak zartatzeko.