Sara IRIARTE
DONOSTIA
Entrevista
Irati Bañuelos
ELAko ordezkaria

«Ziur aski enpresak beste kaleratze kolektibo batera eramango gaitu»

Siemens Gamesak Sarrigurenen duen fabrikaren etorkizuna ezbaian da, zuzendaritzak ehunka langile kaleratzeko aukeraren berri eman baitzuen komunikabideetan. Atzo lehen Enplegu Mahaiaren bilera izan zen Madrilen, eta Irati Bañuelosek, ELA sindikatuaren izenean, bertan hitz egin ziren kontuen berri eman zuen NAIZ Irratian.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

 

Siemens Gamesak komunikabideen bitartez iragarri zuen 4.000 behargin inguru kaleratuko dituela mundu osoan dituen egoitzetan, eta ikusteko dago erabaki horrek zenbateko eragina izango duen Euskal Herrian. Multinazionalak Sarrigurenen eta Zamudion dituen enpresetan 2.100 pertsonak dihardute lanean, eta horiei Madrilgo bulegoa batuta (1.200 langile), 430 kaleratze egingo dituela zabaldu da. Atzo Enplegu Mahaiak egin zuen lehenengo bilerak, baina, ez zuen kezkak uxatzeko balio izan, Irati Bañuelos ELAko ordezkariak NAIZ Irratian adierazi zuenez.

CCOO, UGT eta ELA bildu ziren zuzendaritzarekin Madrilen, eta komunikabideetan zabaldu den hori ofizialki konfirmatu zuten sindikatuek; beraz, 2017tik (Siemens Energyk Gamesa xurgatu zuenetik) Gamesan egingo den seigarren kaleratze kolektiboa letorke.

Bestalde, gutxi gehiago aipatu zen bileran, kontu teknikoez aparte: Enplegu Mahaia osatu zen, enpleguaren erregulaziorako prozesua abiatzeak hala eskatzen duelako, hitzarmenean jasotzen denez. «Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina honek esaten diguna da ziur aski enpresak beste kaleratze kolektibo batera eramango gaituela», ohartarazi zuen Bañuelosek.

«Hortik aurrera, komunikabideetan zabaldutako informazioa eman digute eta argi utzi dute kaleratzeak planteatzen dituztela», berretsi zuen.

ELAk ez du bat egiten zuzendaritzaren irakurketarekin, «multinazionalaren erabakiek Euskal Herrian izango dituzten ondorioak zehatz-mehatz ezagutu gabe, argi duelako Gamesan ez dagoela inor soberan» Irati Bañuelosek ziurtatu zuenez.

Gogoratu zuen Siemens Energyk (honen parte da Gamesa) irabazi ekonomikoak izan dituela eta milaka langile kontratatzeko asmotan dabilela. Zehazki, multinazional alemaniarrak 1.588 milioi euroko irabaziak izan zituen 2023ko urritik 2024ko ekainera. «Ondorioz, guk ez dugu inolako irteerarik onartuko Gamesatik», zehaztu zuen.

«Gamesan argi ikusten dugu: erregulazio espedienteak edo kaleratze kolektiboak ez dira bidea enpresak aipatzen duen egoera txarra konpontzeko», esan zuen.

INSTITUZIOEN ARDURA

ELAko ordezkarien iritziz, bestalde, instituzio publikoek «gehiago egin dezakete», Gamesak «diru publiko asko» jaso duelako eta ordainetan ez delako izan enplegua mantentzeko inolako bermerik. Jakinarazi zuen duela hilabete gutxi izan zirela Nafarroako Gobernuko ordezkariekin egoeraren berri emateko, 2017tik sarri egin duten modura. «Nafarroako Gobernuak esan zigun kontaktuan dagoela enpresarekin eta bere esku zegoen guztia egiten ari zela, baina ez da hori entzuten dugun lehenengo aldia. Beraz, guk enpresa interpelatzen dugu, baina administrazio publikoa ere bai», adierazi zuen.

Atzoko bileran, negoziaziorako egutegia adostu zuten enpresa zuzendaritzak eta sindikatuek. Hala, zehaztu zuten irailaren 24an izango dela Enplegu Mahaiaren hurrengo bilera. Baliteke egun horretan argitzea multinazional alemaniarraren erabakiaren ondorioak zeintzuk izango diren.