13 SET. 2024 2009 Kaiku, Kontxako Banderaren irabazle 27 urteren ostean Irudian, Kaikuko arraunlariak, Kontxako garaipena ospatzen 2009ko irailaren 13an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Asier AIESTARAN Euskal Herrian tradizioa duen kirol ekitaldirik baldin bada, hori Kontxako Bandera da, inongo zalantzarik gabe. 1879an lehen aldiz jokatu zenetik 145 urte bete dira aurten; pentsa zenbat txanpa, ospakizun, abordatze eta haserrealdi izango ziren mende eta erdi horretan. Jaio zirenetik, estropadaren informazio zabala eskaini izan dute “Egin”-ek, GARAk eta NAIZek, Donostiako badian gertatutakoen lekuko bilakatuta. Gaurkoa bezalako irailaren 13 batean, 2009an, egun handia izan zen Kaiku Arraun Taldearentzat. Izan ere, 27 urteko lehortearen ostean, Kontxako Bandera zazpigarren aldiz joan zen Sestao aldera. 1954an eta 1959an Iberia klubak irekitako bide arrakastatsuari jarraipena eman zion Kaikuk 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran, Jose Luis Korta gazte baten eskutik bost urtean lau bandera bereganatuz, baina urrezko aro hori amaituta, urte asko behar izan zituzten sestaoarrek arraunaren Olinpora itzultzeko. Bultzada ekonomiko handiarekin eta berriz ere Kortaren esanetara, talde bikaina osatu zuten bizkaitarrek 2008an KAE Liga -bigarren maila- aise irabazi eta TKE Ligara -lehen maila- igotzeko. Baina mailaz igo bakarrik ez, «galaktikoen» Kaiku hark Kontxa irabazi ere egin zuen 2009an. «27 urteko gosea ase du Kaikuk Kontxako badian»; halaxe zioen hurrengo egunean GARAren azaleko izenburu nagusiak. «Kaikuk izen handia du berriz ere. Sestaoarrek Donostia berdez jantzi zuten aspaldiko partez, eta Jose Luis Kortari bere hamabosgarren Kontxako Bandera eman zioten. Egun ezin borobilagoa izan zuten, hasieratik bukaerara erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuten», azaltzen zuen testuak ospakizunen argazki handiaren alboan. Atzera begiratuz, paradoxikoa da “Egin”-en sorrerak ere ontzi bizkaitarren urrezko aroarekin bat egin izana. “Egin” 1977an sortu zen, baina ez zen garaiz iritsi Santurtzik irabazi zuen urte hartako Kontxaren berri emateko. Horregatik, gure egunkarian aurki dezakegun Kontxaren lehen kronika 1978koa da, hain zuzen Kaikuk bere lehen garaipena eskuratu zuen urtekoa. «Kaiku afianzó la bandera de la Concha con otra gran victoria» izan zen bigarren jardunaldiko kronikaren titularra, lehen jardunaldian ere erakutsitako nagusitasuna oroituz eta Norberto Torres, Txirri, patroi historikoaren adierazpenak gehituz. Hori bai, kronika asteartean argitaratu zen, garaian ez zelako egunkaria izaten astelehenetan. EMAKUMEZKOEN BANDERA Mugarri nagusietako bat 2008an iritsi zen, urte hartan jokatu baitzen emakumezkoen lehen bandera. Irailaren 13an egin zen sailkapen estropada, eta irailaren 14an izan zen banderaren lehia txanda bakarrera. Galiziak lortu zuen garaipena, selekzio gisa lehiatuz eta Astillero baino bost segundo azkarrago helduz helmugara. Getaria-Zumaia izan zen hirugarren, eta Hondarribia, laugarren. «Cabo da Cruz, Meira eta Chapela arraun elkarteetako neskekin osatutako selekzio galiziarrak bere izena hizki handitan idatzi du Kontxako Banderaren historia luzean. Haiek dira historiako emakumezkoen lehen estropadaren irabazleak eta, gainera, Kontxan garaipena lortzen duen lehen traineru galiziarra osatu dute, gizonezkoetan inoiz ez baitute lortu», hasten zen estropada historiko horren GARAko kronika. Urtez urte aldaketa nabarmenak izan ditu emakumezkoen probak: sailkapen estropada jokatzeko eguna, bandera bi jardunalditara jokatzea, bi txanda eta zortzi traineruk arraun egitea... Eta emaitzei dagokienez, bi aro nabarmendu ziren lehen urteetan: Galiziak bost garaipen erdietsi zituen jarraian selekzio moduan, eta San Juanek beste bost kateatu zituen 2014 eta 2018 artean -erdian Zumaiak bereganatu zuen 2013koa-. Gerora, Oriok hiru irabazi ditu eta Donostia Arraun Lagunak-ek beste hiru. Gizonezkoetan, berriz, azken hamarkada luzea Urdaibai eta Hondarribiarena izan da. Izen propioetara joz, Gorka Aranberri patroia eta Iker Zabala arraunlari eta entrenatzailea nabarmendu daitezke, beste hainbat arraunlarirekin batera, bizkaitarren aldetik -biek 2021ekoa ere irabazi zuten Santurtzirekin-; Hondarribian Ioseba Amunarriz patroia eta Mikel Orbañanos entrenatzailea aipa daitezkeen bezalaxe. Borroka horren adibide izan zen 2013ko ekitaldia, esaterako: Urdaibaik markatu zuen denborarik onena bi jardunaldietan, baina bigarren igandean pare-parean zirela arraunek talka egin zuten. Epaileek Urdaibai kanporatu zuten eta bandera Hondarribiari ematea erabaki zuten ordu eta erdiko itxaronaldi luzearen ondoren. Belaunaldiz belaunaldi etengabeak izan diren pike sano eta ez horren sanoen azken lagina baino ez da Urdaibai eta Hondarribiaren artekoa. Kirol ikuspegi hutsetik haratago doan hitzordua da Kontxako estropadena. Apustuak, giroa, arraunlariei egiten zaien errekonozimendua, herrietako harrerak, parranda, aldarrikapenak... Modu desberdinetan bizi daitekeen zita da, eta etxe honetako komunikabideak kontuan hartzen saiatzen dira urtero elkarrizketa, erreportaje, gehigarri eta argitalpen berezien bitartez. Azken urteotan NAIZ Irratian zuzeneko kontaketa ere gehitu zaio gure eskaintza zabalari. «Esto no es ‘o presos o víctimas’, en el viaje hay que incluir a todos» ZAZPIGARRENA2009ko irailaren 13a egun handia izan zen Kaiku Arraun Taldearentzat. Izan ere, 27 urteko lehortearen ostean, Kontxako Bandera zazpigarren aldiz joan zen Sestao aldera. INFORMAZIOAGure hedabideek hitzorduaren berri ematen dute elkarrizketa, erreportaje, gehigarri eta argitalpen berezietan, eta azken urteetan NAIZ Irratiko zuzeneko kontaketetan.