14 SET. 2024 Oxinorteren «zarata jasanezina» salatu dute Lutxanako auzokideek Barakaldoko Lutxana auzoan, Oxinorte enpresatik datorren kutsaduraz kexu dira auzokoak abuztu amaieratik. Ez, ordea, ohiko aireko kutsaduraz, akustikoaz baizik. Atzo mobilizazioa burutu zuten, eta NAIZ Irratian izan dira Fernan Garcia eta Aritza Munarriz auzokideak. Fernan Garcia eta Aritza Munarriz, Lutxanako auzokideak. (NAIZ IRRATIA) Itxaso LEON BARAKALDO Oxinorte oxigeno tratamendurako enpresa txistu zoli bat igortzen ari da abuztu amaieratik. Aurretik ere enpresak zarata egiten zuen, baina soinu hau bestelakoa da, eta berria. Bizilagunen kexak pixkanaka iristen hasi ziren hasieran, baina bat egin zuten egunen joanarekin, eta ordutik zenbait elkarretaratze izan dira auzoan. Azkena atzo. Villamor Auzo Elkartea eta Lutxana Auzo Etxea Lakuako Osasun Sailaren eta Udaleko Garapen Jasangarriaren arloaren aurrean salaketa jartzea aztertzen ari dira. «Abuztuaren 25ean hasi ziren arazoak, mantentze lanei ekin zietenean. Ordutik aurrera, dagoen zaratarekin oso deserosoa da bertan bizitzea, oso zaila da gauez lo egitea. Egia esan, zaratak betidanik egon dira, baina jasangarriak ziren. Oraingo egoera desesperagarria da», azaldu du Fernan Garcia auzokideak, NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Protestak hasi eta gaia hedabideetan ateratzen hasi zenetik, fabrika geldialdiak egiten hasi da, produkzioa noizbehinka etenda. «Arazoa konpontzen ari direla diote, baina momentuz ez dute konpondu, eta auzokideek zarata sufritzen jarraitzen dugu», esan du Aritza Munarriz auzokideak. Gainera, informazio falta salatu dute eta Udalaren jarrera ere gaitzetsi dute: «Alkatea ez da auzokideekin bildu, ez da auzora hurbildu ere egin. Jendea oso haserre dago. Azken finean, Udala da herritarron eskubideak bermatu behar dituena, eta kasu honetan jarrera oso negatiboa izaten ari da». Bizilagunek Udalari eskatu diote enpresari presio egin diezaiola, zaratak gelditzeko edo auzotik irteteko. «Mobilizatzen jarraituko dugu arazoa konpondu arte», argi utzi du Garciak. «ETSIGARRIA»«Zarata hau ez da bateragarria bizimodu osasuntsu batekin. Oraingo egoera etsigarria da», adierazi dute auzokideek.