Guardia Zibilak hildako gazte bat eta bi torturatu, biktima gisa onartuak
Estatu espainolak eragindako indarkeria politikoaren aitortzak beste aurrerapauso txiki bat eman du Nafarroan. Torturak jasan zituzten Felix Gimenez eta Ibai Azkona ofizialki biktima gisa onartu ditu Gobernu nafarrak, bai eta Miguel Iturbide ere: Guardia Zibilak tiroz hil zuen Zugarramurdin, 16 urte besterik ez zituela.
Torturatuen Sareak atzo aditzera eman zuenez, Nafarroako Gobernuak hiru pertsona gehiago Estatu espainolak eragindako indarkeriaren biktima gisa onartu ditu, traba asko gainditu ondoren aurtengo apirilean abiatutako prozesuaren barruan.
«Nafarroako Gobernuak, hitzez hitz, aitortzen die pertsona horiei motibazio politikoko biktimak direla», nabarmendu zuen sareak.
Hiru horien artean hildako bat dago: Miguel Iturbide, 16 urte besterik ez zuenean, Zugarramurdin Guardia Zibilak tiroz hila. Hau 1967an gertatu zen; 57 urte igaro dira, beraz, biktima gisa onartua izan den arte. Sareak gogora ekarri zuenez, «erailketa justifikatzeko, ETAko kidea zela esan zuen Guardia Zibilak, eta arma bat jarri zioten eskuan. Auzia artxibatu egin zuten, eta haren hilketaren arduradunak ez ziren inoiz zigortuak izan».
Beste biak torturatutako pertsonak dira. Felix Jimenez Polizia espainolak bitan atxilotu eta torturatu zuen, 1978an eta 1982an. «Lehenengo atxiloketa LKI egoitzaren aurkako eraso faxista bat salatzeko komisariara joan zenean gertatu zen. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuen Poliziak, eta komisarian sudurra apurtu zioten. Gertakari hau salatu zuen eta epaiketa batean arrazoia eman zioten Jimenezi», laburbildu zuen sareak.
Ibai Azkona 2008an atxilotu zuen Polizia espainolak, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz. «Inkomunikazio garaian tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. Grande-Marlaskaren aurrean torturak salatu zituen, baita Iruñeko epaitegian ere. Salaketa artxibatu egin zen».
“Egiaren garaia da” ekimenak (Torturatuen Sarea eta Egiari Zor biltzen dituenak) bere balorazioa erantsi du: «Aitortza hauekin, Nafarroan hamarkadetan Estatuak erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaiola uste dugu. Gogoratu behar da, gaur-gaurkoz, gutxienez 36 pertsona aitortu dituela Gobernu foralak. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat dinamikatik adierazi nahi dugu balorazio positiboa egiten dugula, Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio bidean jartzea».
Ekimenak azaldu zuenez, «garrantzitsua da Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu eskaerak aurkezten jarraitzea: polizia indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz eraildako pertsonak; errepide kontroletan edo eskuin muturrak eraso egindakoak; segurtasun indarrek torturatutako pertsonak; eta bala zauriak, manifestazioetan gomazko piloten ondoriozko hilketak, errepresioa, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak».