15 SET. 2024 ESNE BELTZAK AZKEN KONTZERTUA IRAGARRI DU Esne Beltzaren azken agurra, datorren otsailaren 1ean Miribillan Datorren urtean «adinez nagusi» egingo zela kontatu zigun Xabi Solano Maiza taldekideak «Esne bidea» diskoa aurkeztean, eta urtemuga hori aukeratu zuten taldearen ibilbideari amaiera emateko. Hemezortzi urte, 8 disko eta ehunka zuzeneko eman ostean, otsaileko lehen egunean eskainiko dute azkena, Bilboko Miribilla auzoan, Bilbao Arenan, lagun artean. Gasteizko Foruen plazan izan dira aurten Esne Beltza taldekoak beren agur biraren barruan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Iker GURRUTXAGA DONOSTIA Belaunaldi oso baten soinu banda izan da Esne Beltza taldearena, eta hori argi eta garbi ikusten da haien kanturen bat nonbait jartzen duten aldi bakoitzean. Lan handia egin dute horretarako bide luze honetan, Euskal Herriko auzorik txikienean hasi eta Japoniako Fuji Festival bezalako jaialdi bateko oholtza zapaltzeraino iritsi dira; guztietan duten onena emanez eta aurrean duten publikoa errespetu berarekin tratatuz, zeuden tokian egonda ere. Orain badoaz; hemezortzi urte betetzen dituzten unean, agur esango digute. Iaz, Durangoko Azokarako atera zuten beren azken diskoa, ‘‘Esne bidea’’, oholtzak utzi eta taldearen azken pausoak ematen ari zirela esanda. «Esne Beltza eman duen behiak baditu txahalak, aratxeak, eta haiek jarraituko dute beren esnea zabaltzen Euskal Herrian, gehien maite dutena eginez, musika eta dantza. Esne Beltza familia bat da, hori aldarrikatu dugu urte luzez, eta familia horrekin egingo dugu azken festa Bilbon, musikari lagunak gonbidatu ditugu jai horretara, eta gure zaleei bertaratzera dei egiten diegu», nabarmendu du Esne Beltza taldeak. BILBO, AZKEN GELTOKIA Bukaera emateko toki ederra hautatu dute Esne Beltza taldekoek. Aurten Huntzak agur esan duen eta Fermin Muguruza berriz ere oholtzara igoko den toki bera aukeratu du talde gipuzkoarrak, Bilbao Arena, Miribilla auzoan. Jende asko elkartzeko eta gainean sentitzeko aukera ematen du Miribillak, eta ziur aukera hori baliatuko dela 2025eko otsailaren 1ean Esne Beltzaren agurrean. Lagun asko egin dituzte bidean, eta horietako batzuk dagoeneko badakigu egun horretan bertan oholtzan izango dituztela lagun; hala nola Fermin Muguruza bera, La Pegatina taldekoak, El Canjio de Jerez edota Chambao taldeko La Mari hor izango dira. «Festa bat izan zen gure hasiera, eta festa bat izango da bukaera, ahal denik eta alaiena. Aldarrikapenak ahantzi gabe, alaitasuna borroka tresna bezala erabili dugulako hasieratik bertatik. «Altxa eskua herriarekin bazaude», dio gure azken kantuetako batek, eta herriarekin dantzatu nahi dugu gure zuzeneko azken kantua», esan dute agurreko eskutitzean. ZALEEI DEIA «Bihotz forma duen mundu bat osatu dugu elkarrekin, koloretsua, alaia; eta errespetua, miresmena eta eskerra luzatzen dizuegu gurekin bat egin duzuen guztiei. Asko dira ezingo dutenak Miribillan gurekin izan, baina haiek gogoan ditugula kantatu eta dantzatuko dugu. Marabilla izango da Miribilla», bide honetan oholtzaren bueltan elkartu direnei zuzendutako mezu zuzen-zuzena da helarazi duten eskutitzean idatzi dutena. Sarrerak eskuragarri irailaren 17an jarriko dituzte www.entradas.com atarian. NAIZ babeslea izango da, eta harpidedunek irailaren 23tik aurrera, NAIZeko harpidedunen txokoan, ehuneko hogeiko deskontua izango dute sarrerak eskuratzerako garaian. Azken agurreko festa handia, beraz, otsaileko lehenengo egunean, Esne Beltzaren eskutik. SARRERAKSarrerak eskuragarri irailaren 17an jarriko dituzte www.entradas.com atarian. NAIZ babeslea izango da, eta harpidedunek irailaren 23tik aurrera, NAIZeko harpidedunen txokoan, ehuneko hogeiko deskontua izango dute sarrerak eskuratzerako garaian.