15 SET. 2024 JOPUNTUA Ezurtea eta baiurtea Eli PAGOLA Bertsolaria Aurten ezurtea omen da; diotenez, hala diote sagarrondoek. Gure inguruan, behintzat, ez adarrak okerrarazteko besteko kargarik, ez fundamentuzko alerik ez dute izan. Harrapakariok epel geratzeko moduko uzta. Eguraldiak ere ez omen du lagundu, hala esaten da eta, batek daki, jada ez dago asmatzerik. Gure etxean haran batzuk lehortu egin dira eta gereziren bat edo beste ere bai. Tira, hemen eskusa nadila, ez naiz horiei begira bizi eta susmorik ere ez dut noiz lehortu diren; begiak nire saskian bakarrik, aleak jasotzera joan nintzenean ohartu nintzen ez zeudela. Salbuespen gisa, sutarako behar zuenik biziberrituta ere topatu dut, poz txiki bat. Aurten Gipuzkoan baiurtea da Bertsolari Txapelketari begiratuz gero. Azkenekotik 5 urte pasa direnean, atzo hasi zen abenduaren 14an bukatuko den lehia. Lur horretan, 48 parte hartzaile, izan aurrez sailkatuak, izan sailkatze errondatik ametituak. Baten batek faltan sumatuko du ihartutzat eman den espezierik, agertu ez denik, ezaldian dagoela erabaki duenik, selekzio honetarako kinieletan bazuenik, kantuan dabilen edo oroitzen ez duenik… seguru baietz, nire kasuan, badakizkidan eta ez dakizkidan kausak tarteko, ezin ditut esku hutsez kontatu kontestu honetan kantari entzun nahi nituzkeen guztiak. Ezurtean baiurtea izateak ageriko uzten duen bezala, arbolen funtzionamendu justu kontrakoa du txapelketak: ez da bertsolariak fin daudenean baiurtea dela, baizik eta baiurtea denean egon behar dutela bertsolariek fin. Ez pentsa, sistema antinatura horrek baditu bere abantailak, zeren jakina da noiz eman behar den kolpea. Atzo hasi zen GBT24 eta hasi dira arbolak astinaldian. Sagar bakoitza noiz helduko den jakin ez arren, ederrenak eskaini eta uzta luzatu asmoz gehienak. Mikatzak, garratzak, gozoak, biziak, lakarrak, bigunak, adiktiboak, batekin nahiko-ak, seriez kanpokoak eta espero gabeak, itxura du bertsokera klase ugari izango direla oholtzan eta entzuteko prest denak ale bikainak eramango dituela belarrietan bilduta. Atzo hasi zen GBT24 eta hasi dira arbolak astinaldian. Sagar bakoitza noiz helduko den jakin ez arren, ederrenak eskaini eta uzta luzatu asmoz gehienak