GARA Euskal Herriko egunkaria

Eginkizuna


Manexene deitzen zuten batzuek; Harrixabal, bestetzuek. Bankan 1880an sortu zen Peio Erramouspez ari naiz. Laboraria zen, eskola gutxikoa, baina gizon jantzia. Bide oparoa egin zuen bertsolari gisa, kantuz nahiz idatziz. Manexene zergatik dakardan hona galdetuko duzu. Tira, izaten dira denborak bere ahanzturara eramaten dituenak amultsuki, ez dutelako sari handirik irabazi edo ez dutelako sorkuntza entzutetsurik egin. Baina hainbeste aberastasun du gure herri zahar honek bazterrik bazter, ezen aitzinekoek utzitako aztarna azalera ekartzea betebehar bilakatzen dela.

Nik ere ez nuen Manexene ezagutzen, baina anekdota bat kontatu zidatenetik interesatu nintzen. Bost anaiekin eraman zuten Gerra Handian Frantzia defendatzera, eta beste anaia bat amerikarren alde aritu zen, han bizi baitzen. Seiak itzuli ziren bizirik etxera, eta mirari hura eskertzeko Lourdesera joan-etorria oinutsik egin zuten.

Triztan Ximun semeak jarraitu zion aitaren bertso bideari, baina mutu gelditu zen gaztetan eta halako idatziekin berreskuratu zuen hark aitzinekoen historia. «Duela hamabi mende Ibañeta aldean, irrintzina aditurik altxatzen oihanean, Errolan gaitzaren kontra zonbat ote gerlari, oihu bera ihardetsiz lotu zen guduari», «Irrintzina aditzean otoi zu eskualduna, orroit zite zer izan den lehen zure omena, zeru zolarat behatuz arranoaren gisa, atzar zite eskualduna utz zure beldur hitsa». Horra gure eginkizuna.