17 SET. 2024 Lorea Argarate teknologo eta musikariak jasoko du Gladys Saria Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikariak jasoko du Gladys Saria, irailaren 26an EHUko Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian. Bere ekintzailetza, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu epaimahaiak. Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikaria. (PUNTUEUS) GARA DONOSTIA Lorea Argarate Zubiak irabazi du aurtengo Gladys Saria. Puntueusek eta EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute sariaren hirugarren edizioa, Gipuzkoako Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Danobatgroupen eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren babesarekin. Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferenteak sortzea eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, 11.00etan, EHUko Donostiako Informatika Fakultatean. Epaimahaiak Argarateren ekintzailetza, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu, sariduna iragartzeko orduan. 1990ean Bilbon jaio zen Argarate, eta Berlinen bizi da egun. Tazebaez kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu. Musikarekiko pasio handia duen pertsona da, eta horrek Fisika ikasketak egitera bultzatu zuen, akustikaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta Telekomunikazio Ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa deskubritu zituen. Ondoren, antolakuntza industrialeko eta big data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. STEAM IKUSPEGIA Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan sartuta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatzen. Steam (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) ikuspegia oso presente izan du, Inspirasteam proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskengan izan dezakeen inpaktuari erreparatu dio. Gazteentzat eta euskaraz sortzen du edukia gehienean. Proiektuak genero ikuspegiarekin lotzen ditu, estereotipoak apurtuz, ogibide berriak erakutsiz eta bere lanekin besteak inspiratuz. MUSIKARIAKlarinete-jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun Ines Osinagaren «Mauriziak ez du inor hil» egitasmoan ari da, eta bakarka ere aritzen da Hamaika izenpean.