17 SET. 2024 «Makilakixki» Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Munduan asko bezala, etxe batean aita bat hiru semerekin bizi omen zen. Seme bakoitzak objektu magiko bana, lortuko du, baina lehenengo biei aterpea emango dien ostalariak lapurtu egingo dizkie. Ostatu berean aterpetuz, anaia txikienak eskuratuko ditu atzera, lortu duen makila magikoari «makilakixki» esanez ostalaria jipoituz. Mallorcan bada kontu zahar bat, “Sa rondaia des felistroncos”. Ipuin horretan gizon batek hiru objektu magiko lortzen ditu: eraztun bat, eskatu ahala nahi adina janari ekartzen duena; zabaltzen den bakoitzean txanpon bat ematen duen poltsa bat; eta, azkenik, jabearen aginduarekin zauritu edo hil egiten duen “felistroncos” makila bat. Ostalari batek txanponen poltsa lapurtuko dio eta “felistroncos”-arekin itzultzea lortzen du. Ez dira ipuin berak, baina lotura argia dute, ipuin beraren bertsioak baitira. Eta hainbat gogoetarako bidea ematen dute. Ipuin horiek pertsonen ahotan bidaiatu izan dute, mugak zeharkatuz. Horregatik, handik hona dabiltzan pertsonak jazartzea munduaren aniztasunaren kontra jazartzea da. Zenbat istorio gordeko ote dira itsas zakarra zeharkatzen ari den txalupa txar batean? Zenbat istorio ito ote dira itsasoaren sakonean? Zenbat “makilakixki” eta “felistroncos” dabiltza olatuetan galduak? Istorioa gu gara.