GARA
BILBO

Udaltzain izateko euskara ez dela behar berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Aurreko epaia salatzeko protesta.
Aurreko epaia salatzeko protesta. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostian udaltzain izateko euskarazko B2 maila eskatzen zuen deialdia bertan behera uztea berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak; hala, abian den erasoaldi judizialean mugarri bat jarri du.

Efe agentziak zabaldu zuen ebazpenean, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako Udalak aurkeztutako helegitea. Hain zuzen, helegite hori Donostiako administrazioarekiko auzietako hirugarren epaitegiak aldez aurretik plazaraturiko epaiaren kontra aurkeztu zuen Udalak. Epai horretan udaltzainen deialdietan ezin dela euskaraz jakitea eskatu adierazten zen.

2022ko abenduan onartu zuen epaitegiak pertsona batek Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak onarturiko arauaren kontra jarritako helegite hori.

LOPEZ LERA ABOKATUA

Francisco Ignacio Lopez Lera abokatuak ordezkatu zuen helegitea aurkeztu zuen pertsona. Bertan, B2 maila eskatzea «Konstituzioak [espainolak] jasotzen duen lan eta kargu publikoetara berdintasunez heltzeko eskubidearen kontra» zihoala esaten zen.

Epaitegia bat etorri zen Lopez Leraren planteamenduarekin. «Administrazioak herritarrekin harremanak euskaraz izateko bidea bilatu behar du, baina hizkuntza hau ez dakitenek lanpostuak eskuratzeko duten eskubidea urratu gabe».

Gauzak horrela, epaitegiaren arabera, ezin da euskara jakitea eskatu lan publiko bat lortzeko «herritar kopuru handi batek hizkuntza koofiziala ez duenean ulertzen eta ulertzeko beharrik ez duenean».

Horretaz gain, udaltzainen jarduerarako polizia guztiek euskara jakitea ez dela beharrezko gaineratu zuen epaitegiak.

Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako epaitegiaren erabakia «zentzuzkoa» izan zela adierazi du. Udaltzainen deialdian euskara eskatzeak Konstituzio espainolak babesten dituen eskubideak urratzen dituela berresten du.

Hori argudiatuta, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Donostiako Udalak udaltzain postuen deialdirako onartutako araua. Epaiaren kontra helegitea aurkeztu ahalko du Udalak Auzitegi Gorenean.