18 SET. 2024 ELAk eta LABek Euskotrenen euskaraz lan egitea aldarrikatu dute Bilboko epaitegian Elkarretaratzea egin zuten atzo ELA eta LAB sindikatuek Bilboko epaitegiaren aurrean, Euskotreneko LEP egonkortze prozesu batean UGTk euskara eskakizunaren aurka aurkeztutako inpugnazioa salatzeko. Sindikatuek azaldu zutenez, euskaraz lan egiteko eskubidearen kontrako «erasoa» da. GARA BILBO Euskotreneko 2022ko LEP egonkortze prozesuan euskara eskakizunaren aurka UGT sindikatuak aurkeztutako inpugnazioaren gaineko epaiketa izan zen atzo. Sindikatuaren jarrera eta erabakia salatu zuten ELAk eta LABek, berriro ere zerbitzu publikoetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka agertu delako. Horretarako, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Bilboko epaitegiaren aurrean, LABek azaldu zuenez, «eraso honen aurrean erantzun irmo bat eman eta zerbitzu publiko eta euskaldun bat aldarrikatzeko». ELAren iritziz, «halako erasoek zuzenean urratzen dituzte hizkuntza eskubideak»; izan ere, «Euskotreneko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, eta erabiltzaileek euskarazko zerbitzua jasotzekoa», adierazi zuen. «Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok gure herrian bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko jasaten ari garen erasoak. Euskararen aurkako oldarraldiaren barruan kokatzen dugun eraso berri honek azken urteotan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu», laburbildu zuen LABek. «UGT bezalako sindikatu espainolistek euskararen aurkako erasoak normalizatzea erabaki dute», gaineratu zuen sindikatuak. Euskararen ezagutza bermatzeko hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraituko dutela adierazi zuen. ESKUBIDEAKELA sindikatuak hizkuntza eskubideen urraketan jarri zuen arreta: «Euskotreneko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, eta erabiltzaileek euskarazko zerbitzua jasotzekoa».