18 SET. 2024 «Pidgin», euskaldunen eta islandiarren harremana ardatz duen erakusketa Bilboko Itsasmuseumek ikerketa antropologikoari, nortasunari eta oroimen kolektiboari lotutako proiektu artistikoa hartu du. Euskaldunek eta islandiar herriak baleen ehizaren garaian izandako harremanak jorratu ditu “Pidgin” erakusketak. Datorren azaroaren 3ra arte zabalik egongo da. Goian, erakusketaren irudia. Behean, Imanol Zubiauz, eskuizkribu batekin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA BILBO Euskal-islandiera euskal arrantzale eta baleazaleek eta islandiarrek hitz egindako pidgin bat izan zen. Vestfirðir eskualdeko jatorrizko eskuizkribuetan dokumentatuta dago, XVII. eta XVIII. mendeen artean idatziak. Pidgin horretan ere nabarmena da frantsesaren eta ingelesaren eragina, Ipar Atlantikoko uretan herrialde desberdinetako arrantzaleen arteko elkarbizitzaren eta merkataritzaren ondorioz. Imanol Zubiauz erakusketaren sortzaileak, Jon Ruigomez Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak eta Alvaro Parro Laboral Kutxak ordezkariak, “Pidgin”, ikerketa antropologikoari, nortasunari eta oroimen kolektiboari lotutako proiektu artistikoa aurkeztu zuten atzo Itsasmuseumen. Azaroaren 3ra arte zabalik egongo den erakusketa honek euskaldunek eta islandiar herriak baleen ehizaren garaian izandako harremanak jorratzen ditu. IKERKETA Zubiauzek, bere ikerketa eta ekoizpen artistikoaren bitartez, euskal-islandiera pidgin-era hurbiltzen du bisitaria, bi hizkuntzak merkataritzaren bidez elkartzean sortzen den proto-hizkuntza. Hizkuntza desberdinak dituzten bi talde sozialen artean hizkuntza lagungarri bat sortzearen emaitza dira, XVII. mendeko hiru eskuizkribu, pidgin honen glosarioak, itzulpenak eta esaldi osoak dituztenak. Proiektua garai hartako baleontzi batean aldi baterako eta geografikoki kokatutako fikziozko pertsonaia batean oinarritzen da. Hala, baleontzi honen bizipenak eta oroitzapenak zenbait instalazio, argazki artxibo eta materialetan ikusgai daude, eta horiek guztiek euskal marinelen zeharkaldiak bizitzera gonbidatzen dute bisitaria. “Pidgin” erakusketak oroimen kolektibo baten gabeziatik sortu da eta kultura baten garrantzia azpimarratzen du, bere tradizio eta berezitasunekin batera. Aldi berean, artxibo oinarri baten gainean elikatzen da, errealitatearen eta fikzionatuaren arteko iruditeria sortzen duen bitartean. Imanol Zubiauz Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta gaur egun unibertsitate honetan dihardu irakasle gisa. Proiektu artistikoak ekoizten ditu eta hainbat egoitza artistiko osatu ditu. Haren obra ezaguna da argiarekin, pertzepzioarekin eta bere erakusketetan publikoaren murgiltzearekin lotzen delako. Beste jarduera osagarri batzuk ere izango dira, hala nola bisita gidatuak, topaketak, solasaldiak edo hitzaldiak. HURBILKETAImanol Zubiauzek, bere ikerketa eta ekoizpen artistikoaren bitartez, euskal-islandiera pidgin-era hurbiltzen gaitu, bi hizkuntzak merkataritzaren bidez elkartzean sortzen den proto-hizkuntza.