19 SET. 2024 CHIMP CRAZY Errealitateak fikzioa gainditzen duenekoa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Lehenik atzera jauzi txiki bat egingo dut, 2020. urtera: Eric Goode-ek eta Rebecca Chaiklin-ek “Tiger King” telesail dokumental deskribaezina sortu zuten; animalia exotikoak, krimen antolatua, narkotrafikoa, iruzurgileak, sektarismoa eta abar. Hori guztia eta askoz gehiago ikus zitekeen koktel leherkor xelebre horretan. Bada, zuzendarietako batek, Goodek, AEBetako zenbait pertsonaren artean txinpantzeekiko dagoen obsesio neurrigabe eta zoroa erakusteko asmoz, “Chimp Crazy” estreinatu du; txinpantzeak familiako kide bat balira bezala dituzten pertsonen unibertso bitxi, ‘bizarro’, muturreko, eztabaidagarri eta aztoragarria. Hori erakusteko -eta salatzeko-, zenbait pertsona elkarrizketatuko ditu; horien artean, Tonia Haddix izeneko emakumea. PETA erakundea (Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Jendea) eta Alan Cumming aktorea -1997an Tonka izeneko txinpantzearekin agertu zen “Buddy” filmean eta, animalia, egun, Tonia Haddixen etxean bizi da- atzetik dituen bitartean, kamerak ia une oro jarraituko dio emakumeari eta bere ekintza eta esaldi sinestezinen testigu bilakatuko gara. Narrazioaren ardatz nagusia hori da, baina tartean, historian zehar animalia hauekin gertaturiko hainbat ezbehar basatiren berri ere izango dugu; ileak tente jartzeko moduko kontakizunak dira. Berriki estreinatu den “Cómo cazar a un monstruo”-ren antzera, dokumentalaren narratibak bat egingo du errealitatearekin; elkartu egingo dira; grabatuko dituzten zenbait irudi eta audio erabakigarriak izango dira. “George of the Jungle”, “Babe”... zinemaren historian oso ohikoa izan da animaliok -eta zoritxarrez beste batzuk- erabiltzea eta horiekin, objektuak balira bezala, negozioa egitea. Zur eta lur utzi nau, errealitateak fikzioa gainditzen duen adibide sinestezina da. Eztabaida etiko eta moralak eragingo dizkigu etengabe.