GARA Euskal Herriko egunkaria
EGUZKI ENERGIA PROIEKTUAK

Hiru proiektu eta goi-tentsioko linea bat baztertu ditu Arabako Aldundiak

Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4 eguzki energiako proiektuak eta hauekin lotutako goi-tentsioko linea bat atzera bota ditu Arabako Foru Aldundiak. Diotenez, Solariaren proiektuek naturari, nekazaritzari eta lurralde antolamenduari «oso larri» eragiten diete, eta enpresari beste aukera batzuk bila ditzan eskatu diote. Proiektu hauen inbertsioa 104 milioi eurokoa da.

Solaria enpresaren proiektu baten aurkako protesta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Erriberabeitiko, Zigoitiko eta Gasteiz-Iruña Okako eguzki energiako proiektuak, alegia, Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4 atzera bota ditu Arabako Foru Aldundiak, baita goi-tentsioko linea bat. Argudiatu dutenez, Solariaren proiektuek naturari, nekazaritzari eta lurralde-antolamenduari «oso larri» eragiten diete.

Hala aditzera eman zuten atzo goizean zenbait hedabidek, Aldundiaren lau txosten aipatuz. Diputazioak berak ez zuen honen inguruko informaziorik eman.

‘‘El Correo’’ egunkariak jasotzen zuenez, Ingurumen iraunkortasuneko eta Natura ondareko zerbitzuaren txostenak dio eguzki energiako proiektuekin eta hauekin lotutako goi-tentsioko linearekin «ingurunea inoiz ez bezala eta denbora tarte laburrean eraldatuko litzatekeela».

Lakuako Gobernuari dagokio proiektuak abiatzeko azken erabakia hartzea, baina Foru Aldundiaren arabera Solariaren hiru proiektu hauek «onartezinak» dira, ekarri ahal dituzten kalteak ez direlako «bateragarriak» aurreikusita daukatenarekin.

Solaria Zierbena Solar 2 (Erriberabeitia) proiekturako 103.432 modulu fotovoltaiko proiektatu dituzte, Solaria Zierbela Solar 3 (Zigoitia) delakoan beste hainbeste, eta Gasteiz-Iruña Okako Solaria Zierbena Solar 4-an beste 103.432 modulu.

Hauek guztiek 104 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute, baina Arabako hamahiru udalerritan aurreikusten diren 27 eguzki plantetako hiru besterik ez dira.

Erriberabeitikoaz Foru Aldundiak gaitzetsi du lurraren %13,25 hartuko lukeela, eta enpresari eskatu dio beste aukera bat bilatu dezala. Zigoitian «balio estrategiko handiko» 44 hektarea hartuko lituzke. Gasteizen eta Iruña Okan, aldiz, Mendozan eta Martiodan kokatuko lirateke, hauek larriki kaltetuz, baita mendiak ere.

Bizkai eta Arabatik igarotzekoa den goi-tentsioko lineaz den bezainbatean, foru teknikariek proposatu dute energia sortzen den lekutik gertuago dauden isurketen kokalekuak aurkitzea. Aurreikusita dagoena da 100 kilometroko ibilbidea, dorre eta kablez osatua, Zierbenaraino.

NAFARROAN, VISCOFAN FORU INTERESKOA

Nafarroako Gobernuak, bestalde, foru intereseko inbertsiotzat jo zuen atzo bertan Acciona Energiak 48,11 MWp-ko autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko proiektua. Instalazio hori Viscofanek Kasedako udalerrian duen ekoizpen zentroaren deskarbonizazio planaren parte da.

Enpresaren ustez, instalazio berriko energia berriztagarriak urtean 50.000 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestuko du. Gainera, 269 lanpostu sortuko ditu eraikuntza fasean, eta lau dagoeneko martxan daudenean, enplegu zuzenak, zeharkakoak eta induzituak barne.

Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko nafar kontseilariak horrelako esku hartzeen garrantzia nabarmendu zuen. Adierazi zuenez, «sektore industrialaren deskarbonizazioa ahalbidetzen baitute, 2030erako Nafarroako Zerumuga Plan Energetikoaren ildotik, baita digitalizazioa eta dibertsifikazioa ere kontsumo energetikoan, enpresaren kostuak optimizatzeaz batera».